Joste egunarekin erabakitzeko eskubidea ehuntzen hasiko dira Goierrin
Gure Esku Dagok ekitaldi ugari antolatu du asteburuan Goierrin; Beasainen castellersak eta herri galdeketei buruzko solasaldia antolatu dituzte
- Beasain. Bihar. Jostunak dokumentala, 19:30ean, Igartzako jauregian. Etzi. Jostunak dokumentala, 19:00etan, Usurbe antzokian. Larunbatean. 11:00etan, oihal bilketa eta joskintza Geltoki inguruan, Zubimuzun eta Bideluzen. 14:00etan, herri bazkaria plaza azpian. Txartelak salgai Basakana, Arrano, Batzoki, Irizar eta Antzizar tabernetan. Arratsaldean, Sant Vicenç des Hortseko (Herrialde Katalanak, Bartzelona) castellersak, buruhandiak, trikitilariak… 19:00etan, sagardo eta basatxerri dastaketa, Bideluzen. 21:00etan, amaiera ezusteko ikusgarriarekin. Igandean. 11:30ean, herri galdeketen esperientziak: Euskal Herria (Etxarri, Nafarroa eta Arrakundiaga, Bizkaia), Katalunia eta Eskozia. Igartzako jauregian.
- Idiazabal. Larunbatean. 17:00etan, plazan, dantzariak, trikitilariak, bertsolariak eta abeslariak. Pintxoak eta sagardoa ere egongo dira.
- Lazkao. Etzi. 19:00etan, festetako suziria botatzea eta pregoia irakurtzea Gure Esku Dagoren eskutik.
- Ordizia. Larunbatean. 19:30ean Ehuntze Eguna egingo dute plazan.
- Segura. Etzi. 18:00etan, oihalak betetzen eta josten hasi. 19:00etan, joste ekitaldia. 20:00etan, oihalezko sugea dantzan eta mokadutxoa.
- Zaldibia. Larunbatean. 17:00etan, plazan, oihaletan atxikimenduak jasoko dituzte. 18:00etan, ehuntze festaren hasiera. Ondoren, plazatik abiatuta oihaljira herrian zehar.
Beasainen castellersak Beasainen Ehuntze egunaren ordez Ehuntze astea antolatu dute. Gonbidatu bereziak izango dira gainera aurten ere Beasainen: Bartzelonako Sant Vicenç del Horts (Herrialde Katalanak) herriko castellersak. Iaz festetan, ekainaren 8ko giza katearen bezperan izan ziren Beasainen giza gazteluak eraikitzen eta aurten ere berriz etorriko dira Beasaina. Toni Alá Carallots castellers taldeko presidenteak aitortu duenez, beraientzat egun ahaztezina izan zen iazko Beasaingo bisita. «Festak ziren eta izugarria izan zen. Hurrengo egunean, berriz, Gure Esku Dagoren giza katean hartu genuen parte, Iruñean. Izugarria izan zen, ahaztezina». Berriz ere gogoz eta ilusioz ari dira bidaia prestatzen. Adin desberdinetako 123 kataluniar etorriko dira Beasaina. Adin desberdinetakoak. «5-6 urteko umeak, giza gazteluaren gailurreraino igotzen direnak, eta gazte asko ere bai». Larunbat eguerdirako iristeko asmotan dira, «Beasaingo lagunak bazkaltzeko zain izango ditugu eta». Herri bazkaria egingo dute plaza azpian, Roberto Ruiz sukaldariak prestatuko otorduarekin. Arratsaldean eskainiko dute castellersen ikuskizuna; herriko leku desberdinetan eraikiko dituzte giza gazteluak.Herri galdeketen esperientziak Beasaingo Ehuntze astearekin bukatzeko, igandean. Herri galdeketen esperientzia desberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Gure Esku Dagok 2016an Goierri 22 herritan erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa egiteko asmoa azaldu berria du. Nahia errealitate bilakatzeko lanean ari dira Goierriko Gure Esku Dago ekimeneko kideak. Besteak beste, beste herri eta herrialde batzuetan egindako herri galdeketen ariketak ezagutzen ari dira; ereduak jasotzen. Euskal Herrian Etxarrin (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) herri galdeketak eginak dituzte dagoeneko eta bi herrietako ordezkariak izango dira: Etxarriko Manu Gomez eta Arrankudiagako Joseba Martin. Urrutiagokoen esperientzia ere entzuteko aukera ere izango da. Batetik, Eskoziatik Richard Weyndling etorriko da, eta Kataluniatik, Cup alderdiko Isard Font eta Adrià Rusinés, eta Esquerrako Ana Arcos. Solasaldia Idurre Eskisabel kazetari beasaindarrak moderatuko du.