Herritarrekin elkarlanean aritzeko asmoa azpimarratu dute, parte hartze kulturan sakonduz
Eñaut Telleria da Segurako EH Bilduren alkategaia
Segurako EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda aurkeztu du, Eñaut Telleria buru dela. Zerrenda osatzen duten gainerako 11 lagunak ondorengoak dira: Eluska Gerriko (orain arteko alkatea), Ekhi Albizu, Eider Murgiondo, Aimar Balerdi, Idoia Lopetegi, Egoitz Apaolaza, Egoitz Berasategi, Axier Alustiza, Iosune Telleria, Oskia Garaialde eta Martxeliño Elortza.
Azken hilabeteetan lau batzar ireki egin dituzte herri programa lantzeko. 40 segurar inguruk parte hartu dute, programari ekarpenak egin eta zerrendagai proposamenak eigteko. Postontzi eta posta elektroniko bidez ere 30 ekarpen jaso dituzte. Guzti horrekin osatu dute herri programa.
“Segura hobe baten alde lan” egiteko “ilusio eta konbentzimendu sendoa” daukatela adierazi du Eñaut Telleriak hautagai aurkezpenean. “Eta hori segurar guztiokin elkarlanean egin nahi dugu. Herrian parte hartzeko kulturan sakontzen jarraituko dugu, etorkizuneko Segura pausoz pauso eraikiz”, gaineratu du.
Larunbatean, 11:00etan, kultur etxean, kanpaina prestatzeko bilera egingo dutela jakinarazi du Telleriak. Horrezaz gain, maiatzaren 15ean, EH Bilduren ekitaldia egingo dutela aurreratu du.