Legazpiko ikasleek Bizitzeko Herria landu dute Beasaingoek elikadura jasangarria
Bizitzeko Herria izeneko gaia landu dute Legazpiko ikastetxeetan.
Legazpiko eta Beasaingo ikasleek ikasturtean zehar Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan egindako lana aurkeztu diete udal ordezkariei. Legazpiko ikasleek Bizitzeko Herria izeneko gaia landu dute eta Beasaingoen gaia elikadura jasangarria izan da. Egindako diagnostikoaren berri eman dute, zein konpromiso hartu dituzten azaldu dute eta udalei hainbat eskari egin dizkiete.
Legazpin
Legazpin Herriko jolas-parkeren bat estaltzeko eskatu dute, besteak beste. Gainera, udalari euren iritzia kontuan hartzea eskertu diote. Kepa Urtzelaik eta Igor Urrate zinegotziak beraien parte hartzea eskertu dute eta eskaerak kontuan izango dituztela esan dute. Alkateak kaleak txukun mantentzen laguntzeko eskatu die. Bukatzeko, bihar Agenda 21eko bilera egongo dela gogoratu dute. 18:30ean izango da, udaletxean. Legazpi, herri bizia al da? galderari erantzungo diote. Gainera, Batxilergoko ikasleek urtean zehar egindako lana aurkeztuko dute.
Beasaingo ikastetxeetan elikadura jasangarria landu dute.
Beasainen
Beasaingo bost ikastetxeetako ikasleak ere udal ordezkariekin elkartu dira, Koldo Agirre alkatearekin eta Aitor Larburu zinegotziarekin. Beasaingo ikasleek elikadura jasangarria gaia landu dute. Bertako produktuak kontsumitzeko konpromisoa hartu dute eta udalari azokako instalakuntzak hobetzeko eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko eskatu diote, besteak beste.