Ismael Berasategi presoaren anaiak istripua izan du Alacanteko kartzelatik bueltan
Hiru presoren senide eta lagunek istripua izan zuten larunbat gauean; tartean zen Ismael Berasategi preso urretxuarraren anaia. Gotzon Aranburu eta Lorentxo Aiestaran presoen lagunak ziren autoan zihoazen beste biak. Gaueko hamarrak aldean Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik bueltan zetozenean gertatu zen ezbeharra. Tuteratik zazpi kilometrora dagoen autopistako ordainlekutik gertu azeri bat jo zuten autoarekin. Hiru lagunek ez zuten minik hartu, baina autoak kalte handiak izan ditu. Etxeratek jakinarazi duenez, 2015 urteko bigarren istripua da; hamar izan ziren iaz.
720 kilometrora dago Villenako kartzela eta istripua “presoen sakabanaketaren ondorio” izan da Etxeratek azpimarratu duenez. “Noiz arte? Beste istripu larriago bat berriz ere gertatu arte ? Gure bizitzekin jolasten duen espetxe politika horrekin bukatu behar da orain”.