Liburu truke azoka egin dute Ormaiztegin. / Loinaz Agirre
Idazteko dago azken liburuaren istorioa kontatuko duen eleberria, edo azkeneko irakurlearena. Pantailen zarata gora etorrita dago eta paperaren isila gainbeheran. Liburuek hitz egiten dute, baina entzuteko gogoa dutenek baino ezin diete aditu. Edonola ere, nork imajina dezake libururik gabeko, azalik eta kontrazalik gabeko, irudimenik gabeko lurralde bat?
Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur. Goierriko zenbait herritan ekintzak antolatu dituzte. Ormaiztegin atzoko Truke Azoka, Beasaingo Ikastolan aste guztiko egitaraua animaliak liburuetan bizi direla gogorarazteko, Idiazabalgo liburutegian E-Liburutegiaren oihartzuna zabalduko dute eta Urretxun nahiz Zumarragan irakurle taldeek biharko Liburu Azokaren lema hartuko dute.
Ormaiztegin Liburu Truke Azoka egin dute gaur. Apaletan pilatzen den hautsari putz egin, eta azoka osatzeko liburuak Zumalakarregi Museora nahiz liburutegira eraman dituzte astean zehar. Atzoko azokara joateko parada izan ez dutenek liburuak trukatzeko astia dute apirilaren 30era bitartean liburutegian.
Beasaingo Ikastolan Liburu Astea ospatzen ari dira. Helburuak haurrengan irakurzaletasuna bultzatzea eta idazteko zein sortzeko gogoa hauspotzea dira. Animaliak liburuen orrialdeetan bizi direla erakutsi nahi diete ikasleei. Hain zuzen, Txiliku idazlearen Piztiarioak liburua erabili dute: idazlea eskolan bertan izan da egunotan. Pako Aristi idazlea ere Beasaingo Ikastolara joango da datorren astelehenean. Aristik Nemesioren trikitixa (LH3 eta 4) eta Miren, Garbiñe ta sorgin baten komeriak (LH 1 eta 2) liburuak izango ditu hizpide. Bide batez, Euskararen isobarak liburua aurkeztuko du.
Idiazabalen mailegu digitalen zein E-liburutegiaren inguruko informazioa zabalduko dute eta irakurgailuen mailegua egingo dute; hori guztia liburutegian.
Azoka berezia
Urretxuko eta Zumarragako erdibidean dagoen Areizaga-Kalebarren plazan liburu azoka egingo dute etzi. Aspaldi egin ohi duten arren, aurtengoak berritasun nabarmena dakar. Euskarazko eta gaztelaniazko irakurle taldeko kideek parte hartuko dute azokan. Zumarragako Legazpi liburu dendaren eskutik irakurle taldeetan landu dituzten liburuak jarriko dituzte herritarren eskura. Azokan ipini, eta irakurleek berauek zainduko dute postua. Beste postu bat jarriko dute non Goierriko idazleen lanak erakusteaz gain, idazle nahiz ilustratzaile horien topaketa bat egiteko asmoa duten.
Azokan Mairi taldeko andreek eta Koldo Cadierno sortzaileak egindako liburuetako orriak bereizteko markatzaileak banatuko dituzte doan.
Irakurleek nahiz sortzaileek ahots goran irakurriko dute eta liburuek beren ahotik hitz egingo dute ozen, baina zaratarik egin gabe.