Herriko hainbat gazte erakundek deituta aldarrikapen astea egiten ari dira Beasainen, gaurtik hasita
Beasainen antolatuta dauden gazte mugimendu desberdinetako gazteek aldarrikapen astea deitu dute. Besteak beste, lana eta etxebizitza izateko eskubidea aldarrikatuko dute. «Hemen lan, ikasi eta bizi nahi dugu, era duin batean eta eskubide ororen jabe izana», diote Beasaingo gazteek. Kartel horietako bat jartzen ari zirela, Ertzaintzak bost gazte identifikatu ditu.
Lanaren arloan, «edozein lan edonolako baldintzetan, langabezia edota atzerrira alde egin beharra da eskaintzen digutena». Beasaingo gazteek lan duin bat aldarrikatuko dute gaur. «Prekarietate basatienera kondenatu nahi gaituzte, gure bizitza merkantzia moduan erabiltzen duten jauntxoen esku utziz», azpimarratu dute. «Gazteok lan esku merkea gara patronalarentzat, bere poltsikoak betetzeko beharrezkoa duen pieza sinple bat». Ondorioz, gazteek «lan prekarioak, langabezia edota atzerrira alde egin beharra da eskainten digutena».
Eman dituzten datuen arabera, «gazteok sinatutako ia kontratu oro aldi baterako kontratuak izaten dira. %40 inguruko langabeziaren aurrean amore emanda ospa egiteko hautua egiten dutenak milaka gazte dira; 2012an, 23.000 lagun».
Hezkuntzaren eta etxebizitzaren kasuan, berriz, gazteek salatu dutenez, «negozio bide bilakatu dituzte, denon eskubide omen zirenak gutxi batzuen pribilegio bilakatuz». Beasaingo gazteen esanetan, «hau ez da halabeharrezko egoera bat, partida galtzen ari garen seinale baizik. Noren aurka? Morroi politikoen zein hedabideen laguntzaz geroz eta gehiago aberasten ari den elite ekonomiko eta enpresarialaren aurka».
Osteguna eta ostirala
Horri guztiari, Euskal Herrian «gure eredu propioa erabakitzeko dugun ezintasuna gehitu» behar zaiela uste dute. «Guk dena erabaki nahi dugu, dena herritarron (eta ez gutxi batzuen) behar eta interesen arabera antolatzeko». Zentzu horretan, ostegunean, 19:30ean, Arrano taberna ixteko arriskuan dagoela gogorarazteko eta datorren azaroan herriko Eusebio Lasa eta Asier Imaz epaitzen hasiko direla salatzeko argazkia aterako dute Zubimuzu plazan. Ondoren, pintxo pote berezia egingo dute, musikaz lagunduta, aldarrikapenak zabaltzeko. Astearekin amaitzeko, LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenenerako deitu duen manifestaziora joateko deia egin dute.
-
-
Plazan jarritako kartela
-
-
Erauskin kalean jarritako kartela
-
-
Plazapean jarritako panel informatiboak