Bihar hasiko dira Idiazabalen Gazta eguneko ekitaldiak
Jesus Etxezarreta eta Lurdes Errazkin artzainak omenduko dituzte igandean XVIII. Gazta egunean
Omenaldia Jesus Etxezarretari eta Lurdes Errazkini Igandea izango da egun handia Idiazabalen. 10:00etatik aurrera, gazta dastatzeko aukera izango da. Herritarrek gaztarik gogokoena izendatzeko aukera izango dute. Sei gazta pintxo 2 euroan dastatu ahal izango dira. 11:00etatik aurrera, era zaharrean eta modernoan gazta nola egiten den, bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Artzainek artaldearekin herria zeharkatuko dute, eta ondoren, gazta ketze eta ardi mozte ikuskizuna ikusteko aukera izango da. Eguneko puntu gorena, herriko artzain bat omentzen dutenekoa izaten da, 13:00etan. Aurten, Jesus Etxezarreta eta Lurdes Errazkin omenduko dituzte. Bizi guztia artzaintzan darama bikoteak 500 bat latxa ardi ditu. Negua Bizkaiko Mendatan eta Busturian pasatzen dute; uda, berriz, Urbiako Arbelargo txabolan. Artegia, gaztandegia eta etxebizitza Aizkoetabarrenean daukate.