Euskal Udalekuetako Goierriko begiraleak
1970eko hamarkadan Euskal Udalekuak jarri zituzten abian hainbat familiak, haurrek oporrak euskaraz igarotzeko. Abaigarren, Bernedon eta Goñin egiten dituzte udalekuak eta Goierritik ere ...
1970eko hamarkadan Euskal Udalekuak jarri zituzten abian hainbat familiak, haurrek oporrak euskaraz igarotzeko. Abaigarren, Bernedon eta Goñin egiten dituzte udalekuak eta Goierritik ere haurrak eta begiraleak joaten dira.
Begiraleen artean hiru zumarragar daude: Edurne Plazaola, Mariñe Arbeo Astigarraga eta Iñigo Igartza. Azken hau 2011n joan zen lehenengoz eta ordutik urtero joan da. Plazaola eta Arbeo, berriz, haurrak zirenean ere jotan ziren udalekuetara.
Edurne Plazaola, Mariñe Arbeo Astigarraga eta Iñigo Igartza Euskal Udalekuetako begiraleak Urretxuko Iparragirre plazan. / Asier Zaldua
Udaleku «bereziak» direla diote hiruek: «Bere filosofia oso argi zuen talde bat aurkitu nuen. Udalekuetara Euskal Herri osoko haurrak joaten dira eta dena euskaraz egiten da. Euskara da oinarria, baina hezkidetza, natura eta auzolana ere aintzat hartzen dira. Talde giroa sekulakoa da eta jendea ilusio handiarekin joaten da urtero», aipatu du Igartzak.
Arbeok eta Plazaolak urte osoan zehar lan egiten dutela azpimarratu dute. «Ez da udako kontua bakarrik. Urtean zehar, txandak prestatzeko, etxeak txukuntzeko, egitarauak prestatzeko… elkartzen gara».
Igartzak euren ametsetako udalekuak direla azaldu du. «Inork ez digu ezer inposatzen eta horrek gure ametsetako oporrak eta Euskal Herria sortzeko aukera ematen digu».
Euskal Herri osoko haurrek parte hartzen dute eta helburua txanda guztietan herrialde guztietako haurrak egotea da. «Umeek herrialde ezberdinetako lagunak egitea nahi dugu. Gainera, inguru ez euskaldunetakoak direnei inguru euskaldunetakoekin egotea komeni zaie», dio Arbeok.
Asko eskertzen dute euskaraz hitz egiteko aukera eta «Tuterakoek ez diete gainontzekoei gazteleraz egiten uzten. Euren herrian ez dute euskaraz nahi bezainbeste hitz egiteko aukera eta udalekuetan euskaraz egin nahi dute».
Informazio gehiago nahi dutenek, 943 75 14 07 telefono zenbakira deitu dezakete (18:00etatik 20:00etara).