San Migel parrokiatik San Prudentzio ermitara prozesioa eginez hasi dute Lazkaon, gaur, zaindariaren festa-eguna. 10:45ean abiatu da segizioa, santuaren irudia hartuta, txistulariak eta dantzariak lagun. Meza 11:00etan da, ermitan. Ondoren, 12:00etan Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek joko dute, plazan. Udal agintarien soka-dantzak borobilduko du tradizioari eskainitako goiza, 13:00etan.

Prozesioaren hasiera, San Migel elizan./Aimar Maiz
Arratsaldean, dantza izango da nagusi. Oin-Arin taldeak erromeria antolatu du, 18:00etarako. Ondoren, 19:00etan, Jon Urbieta DJarekin dantzaldia egingo dute. Bestetik, Txosna Batzordeak patata-tortilla lehiaketa jarriko du, 18:30ean. Osagaiak antolatzaileek eramango dituzte.

Prozesioa, San Prudentzio eguna hasteko, Lazkaon gaur./Aimar Maiz
Atzo, helduen danborrada egin ahal izan zen. Aterrune batean, San Prudentzio auzotik abiatu eta plazara iritsi ziren danbor eta upel jotzaileen konpainiak. Pilotalekuaren babespean jo zituzten azken piezak. Lazkaoko lagunez gain, Beasaindik ere partaideak joan ziren danborradara, taldeak osatzeko.

Antzar Gazteak taldeko txistulariak, atzo, kalejiran./Aimar Maiz
Break-dance ikastaroan ere haur dezentek parte hartu zuten. Kale-kulturako dantza pauso batzuk ikasi zituzten. Maisuek erakustaldiak ere egin zituzten.

Break dance erakustaldia, atzo./Aimar Maiz

Buruhandiak haurren jostagarri kutunak dira Lazkaon./Aimar Maiz