Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hiru saio jokatuko dira Goierrin, lehen fasean
Maiatzaren 9an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren udaberriko fasea. Udazkeneko faserako (irailaren 20an hasiko da hori) sailkatzeko balioko du. Duela lau urte bezala, bi garaitan bereizi dute. Maiatzean eta ekainean bina saio izango dituzte bertsolariek, bi itzulikoa delako fase hau. Puntuazioak batuta, zerrendan lehenengo geratzen diren 30 bertsolari igaroko dira udazkeneko txapelketara. Orduan gehituko zaizkie dagoeneko sailkatuta dauden beste 13 bertsolari. Aitor Sarriegi beasaindarra da gaur egun Gipuzkoako txapelduna.
Goierrin hiru herritan izango dira lehen faseko jardunaldiak: Idiazabalen (maiatzaren 10ean), Zaldibian (maiatzaren 16an) eta Ataunen (ekainaren 6an, azkenekoa). Herri bakoitzean bina saio jokatuko dira: goizean 11:30ean hasita bat, sei bertsolarirekin; eta arratsaldean 17:30ean bestea, beste seirekin.
Lehenengo fasean 74 bertsolarik parte hartuko dute. Bederatzi aurkezle, 19 epaile eta lau idazkari ere ariko dira, saioetan.
Goierriko bertsolari ugari daude izena emanda, udaberrirako. 17 denera: Gemma Urteaga, Mikel Iturriotz, Aitor Irastortza, Aratz Igartzabal, Antton Fernandez, Maialen Akizu, Amaia Iturriotz, Eneko Araiztegi, Odei Lopez, Beñat Torres, Jon Iturriotz, Julen Agirre, Mikel Tapia, Asier Sasieta, Endika Igartzabal, Gorka Azkarate eta Gorka Maiz.