Gure Esku Dagok Goierriko Elkargunea zabaldu du Idiazabalen
Gure Esku Dago mugimenduak goierritar guztientzatko elkargunea izango den lokala zabaldu du Idiazabalen. Atzo iluntzean egin zuten irekiera ekitaldia, herriko abesbatzak, txistulariek eta dantzariek lagunduta. Kale nagusian dagoen lokal honetan, GEDren eta Saretzen ekimenaren inguruko informazioa emateaz gain, kamisetak eta oihal zatiak salduko dituzte, ekainaren 21eko egun handiari begira.
Angel Oiarbidek, Gure Esku Dago mugimenduak orain arte egindako ibilbidearen errepasoa egin zuen, Idiazabalen jarritako hazitik, Euskal Herri osora zabaldu ziren Gazta zati bat dokumentala edota iazko giza-kateraino. Lokalari Elkargune izena ere, GEDren filosofia kontuan hartuz egin dute, hasieratik “elkarrekin pausoak ematen hastea” izan baita mugimenduaren helburua. Oraingo erronka berriz, ekainaren 21ean Euskal Herriko bost hiriburu nagusietako estadioak betetzea izango da. Duela urte batzuk “Bai Euskarari ekimenak euskararen inguruan milaka lagun bildu eta bost estadio betetzea lortu zuen bezala, orain erabakitzeko eskubidearen inguruan” lortu nahi dute.
Bere aldetik, Xabier Intsausti ‘Gorri’-k, ekimen hau “hasieratik elkarlanaren eta auzolanaren bidez” antolatu dela azaldu zuen, eta Elkargunearen funtzionamendua ere halakoxea izatea nahi dutela. Hala, datozen bi hilabeteetan “goiz eta arratsalde zabalik” izan nahi dute. Horretarako, boluntarioen bidez funtzionatuko dute; hori dela eta, goierritar guztieri egin diete “bakoitzak ahal duen neurrian eta tartetxo bat duenean” bere aletxoa jartzeko deia.