Legazpiko gaztetxeko zerbitzariak jasandako erasoa salatu dute
Legazpiko gaztetxeko gazteek idatzi bat bidali dute komunikabideetara joan zen asteburuan bertako zerbitzaria erasotu zutela salatzeko. Azken urteetan gutxi batzuek gaztetxean sortu dituzten istiluak direla eta, manifestazioa deitu dute ostegunerako. Gainera, hilaren 7an batzar irekia egingo dute arazoari irtenbidea bilatzeko.
Gazteek diotenez, kontu zaharra da. “Gutxi batzuk urteetako giro onarekin amaitu nahi izan dute eta baita lortu ere. Tamalgarria”. Orain arte txikizioak egin dituzte, baina asteburuan zerbitzaria jipoitu zuten: gaztetxea ixteko ordua heldu zen eta erasotzaileek ez zuten joan nahi.
Hau guztia ikusita, Gazte Asanbladak gaztetxea ixtea erabaki du. Festetan, eurek antolatutako ekintzetarako bakarrik irekiko dute gaztetxea. Gainera, ostegunean manifestazioa bat egingo dute “jendea egoera honetaz nazkatuta dagoela erakusteko”. Manifestazioa 18:00etan irtengo da, gaztetxetik. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.
Gainera, maiatzaren 7an bilera irekia egingo dute: 19:30ean gaztetxean. Bertan sortutako egoerari nola buelta eman eztabaidatuko dute. Helburua guztien artean halako jarrerekin bukatzea da. “Ezin dugu gutxi batzuengatik guztiona eta guztiontzako den gaztetxea pikutara bidaltzen utzi eta herriko jende askok urteetan egin duen lana zapuztu”.
Istiluak sortu dituztenentzat ere mezu bat dute. “Gaztetxea euren etxea dela esaten dutenek, zaindu dezatela eta utzi ditzatela tontakeriak alde batera behingoz. Portatu gaztetxeak merez duen bezala! Eta bestela, ez etorri. Pertsonak bezala portatzen ikasi edo ez agertu. Gaztetxean ez dago horrelako jarrerentzako lekurik”.