Eskuz hiru herri arituko dira, eta beste hiru palan. Zestan ez da eskualdeko herririk arituko
Atzo iluntzean aurkeztu zuten txapelketa Donostian
Maiatzaren 10ean hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, eskuz jokatuko diren partidekin. Goierriko hiru herri arituko dira aurten eskuz: Beasain, Ataun eta Zumarraga. Beasain izango da txapelketari hasiera emango dion lehena, maiatzaren 10ean zehazki, Antzizar kiroldegian. Ataun eta Zumarraga maiatzaren 17an batuko dira txapelketara. Beasainek Lezo hartuko du etxean, Ataun Alegiaren aurka arituko da eta Zumarragak Zizurkil hartuko du Beloki pilotalekuan.
Beasainek lehen partida irabaziko balu, Donostiaren aurka jokatu beharko du, maiatzaren 24an. Aste bete beranduago jokatuko luke Ataunek, Hernaniren aurka, etxean. Horretarako, baina, Alegia gainditu behar du lehen kanporaketan. Lehen saioa irabaziko balu, Lasarte-Oria izango luke aurkati Zumarragak maiatzaren 31n.
Palan ere hiru talde
Olaberria, Lazkao eta Ordizia izango dira palan lehiatuko diren Goierriko hiru herriak. Maiatzaren 17an izango da lehen partida, eta etxeko bi talde arituko dira elkarren aurka, Olaberria eta Lazkao. Olaberriako pilotalekuan izango da. Ordiziak Deba hartuko du etxean.
Olaberria eta Lazkao partidaren irabazleak Oiartzun eta Andoain arteko irabazlea hartuko du txapelketako bigarren partidan, eta Ordiziak Deba garaitzen badu Errenteria edo Donostia izango ditu aurkari.