Junior mailako 180 txirrindularik parte hartuko dute txirrindulari proban. Erromeriak, herri kirolak eta haurrentzako ekintzak izango dira asteburuan.
![LAZKAOMENDIKO_37__PROBA_TX](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/04/LAZKAOMENDIKO_37__PROBA_TX.jpg)
Lazkaoko San Prudentzio jaiak amaituta, Lazkaomendi auzokoak hasiko dira bihar. Bi egunez erromeriak, bertsolariak, herri kirolak eta jai giroa izango dira Itxurrene eta Pipas tabernen aurrean. Hasi, dena den, 39. Lazkaomendiko Txirrindulari Probarekin hasiko dira jaiak, bihar goizean, 10:30ean. Bigarren urtez junior mailako Gipuzkoako Klasika ere izango da Lazkaomendiko Proba.
Guztira 180 txirrindulari inguru izango dira biharko lasterketan. Lazkaoko plazan hasi eta 116,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Lazkaomendira bitartean. Bidean lau portu igaro beharko dituzte: Zerain, Olaberria, Larraitz eta Lazkaomendi.
Arratsaldean jarraituko dute jaiek, haurrentzako ekintzekin. Puzgarriak izango dituzte arratsalde osoan, baita Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia ere. Iluntzean, berriz, auzo afariak izango dira Lazkaomendiko hiru tabernetan, eta afalostea girotzeko, erromeriak egingo dituzte bai Pipasen eta bai Itxurrenen.
Ibilaldi neurtua eta herri kirolak etzi
Etzi goizerako ibilaldi neurtua antolatu dute Amalurek eta San Benito ikastolak. 08:30ean abiatuko dira Lazkaoko plazatik, eta Lazkaomendin amaituko dute 10:30 aldera. Asto gurdietan ibilaldiak egiteko aukera ere izango da etzi Lazkaomendin, egun osoan zehar. Arratsaldean Atutxa II eta Mugerza III, Azurmendi eta Rekondoren aurka lehiatuko dira aizkoran. Harri jasotzen Aimar Hirigoien izango da. Trontzan, txingatan eta lokotx biltzen, berriz, Iari eta Ainhoa.
Egitaraua:
Bihar.
10:30. Lazkaomendiko Txirrindulari Proba.
16:00. Puzgarriak Pipasen, arratsalde osoan.
17:00. Patxin eta Potxin pailazoen Ipar Amerikako indigenak emanaldia, Pipasen.
18:30. Erromeria Elustondo anai arrebekin, Pipasen.
21:00. Auzo afaria Pipasen, Itxurrenen eta Lartxai elkartean.
23:00. Erromeria Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariekin, Pipasen. Erromeria Epelde eta Lutxurdiorekin, Itxurrenen.
Etzi.
08:30. Lazkaomendiko ibilaldi neurtua.
11:00. Haurrentzako jolasak Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariekin eta Oin Arin dantza taldearekin. Ondoren. Zeberio eta Peñagarikano bertsolariak Itxurrenen.
12:30. Meza nagusia, ermitan.
17:30. Herri kirolak.
19:00. Izer eta Alabier trikitilariak eta bertsolariak, Itxurrenen.