Julen Amezketak hirugarren txapela eraman du gaur Santikutz Klasika irabazita
Gaur goizean jokatu da Legazpin Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen LXXXII Santikutz Klasika. Erakustaldi bikaina eskainita, Julen Amezketa (Baqué-Campos) txirrindulari nafarra izan da lehena helmugako marra gainditzen. Deskargako azken igoeran ihes egin eta bakarrik iritsi da amaieraraino. Elite eta 23 urtez azpikoen mailako Espainiako Koparako azken proba puntuagarria izan da Legazpikoa.
Asteasuko Aiztondo Klasikoan laugarren eta Eibarren Valentziagaren Omenezkoan zazpigarren egin ondoren, garaipen irrikaz iritsi da Amezketa Legazpira. “Denboraldiko unerik onenean nago. Egiten ari naizen ibilbidea bere emaitzak ematen ari da, garaipenak iristen ari da”, zioen txirrindulariak. Hain justu ere, joan zen asteburuan Lazkaoko eta Markiña-Xemeingo txirrindulari probetan irabazle izan zen Amezketa. Hala, jokatu dituzten azken hiru lasterketetan hirugarren txapela izan da gaurkoa. Martxoaren 1ean Ereñon ere irabazle izan zen Baqué-Campos taldekoa. Legazpiko garaipenarekin, Bidasoako Itzulia izango da bere datorren erronka.