Ataundar gazte bat hil da Mexikon, istripuan
Atzo goizaldean Veracruzeko Las Choapas eta Raudales hirien artean izandako trafiko istripu batean hil da Irantzu Aizpurua ataundar gaztea. Mexikon zegoen urtarriletik, ikasketa beka bati esker, “Amerika Latina eta Beste Norakoak” pragraman parte hartzen. Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Hezkuntzako ikasketak egiten ari zen.
Pueblako Unibertsitate Autonomikoko hogei ikasle zihoazen furgonetan Chiapasera bidean; ibilgailuak aurrez aurre jo zuen kamioi batekin. Ataundarraz gain, beste mexikar bat ere hil zen istripuan.
Elkartasun mezuak EHUtik eta Beasain futbol taldetik
Ataundar gazteak lotura estua zuen futbolarekin, txikitatik, eta Beasaingo taldearekin aritzen zen, Euskal Ligako nesken taldean. Beasain Kirol Elkartea “atsekabetuta” agertu da istripuarekin, eta “babesa eta berotasuna” adierazi diete Aizpuruaren senideei eta lagunei.
Euskal Herriko Unibertsitatean, berriz, minutu bateko isilunea egin dute gaur, “atsekabea publikoki erakusteko”. Carlos Santamaria zentroaren sarreran elkartu dira ikaskideak eta irakasleak, “mugikortasun programetan parte hartu duten ikasleen agur ekitaldiko argazki ofiziala hartu behar zen lekuan”. EHUtik jakinarazi dutenez, bertan behera utzi dute ekitaldia. Euskal Herriko Unibertsitateak doluminak eman dizkie ataundar gaztearen senideei, lagunei eta ikaskideei.