Baleazaleen aztarnen bila
Beasaindar talde bat dirua biltzen ari da Islandian eraildako 32 baleazaleei buruzko dokumentala grabatzeko.
Goierri eta balea arrantza. Eskualdearen kokapena kontuan hartuta, ez ...
Beasaindar talde bat dirua biltzen ari da Islandian eraildako 32 baleazaleei buruzko dokumentala grabatzeko.
Goierri eta balea arrantza. Eskualdearen kokapena kontuan hartuta, ez dira lehen begi bistan jendeak uztartuko lituzkeen bi kontzeptu. Loturak aurki litezke, ordea. Esaterako, Pasaian (Gipuzkoa) San Juan balea ontzia berreraikitzen ari dira itsas ondarea berreskuratzeko helburuarekin. XVI. mendean Kanadan urperatutako balea ontzia da San Juan galeoia, eta, hara non, Zerainen zerratutako enborrak ari dira baliatzen ontzia berreraikitzeko.
Orain, berriz, Beasaingo hirukote bat dokumental bat grabatzekotan da 1615ean Islandian hil zituzten 32 euskal baleazaleren inguruan. Ander Arrese eta Beñat Iturriotz arkeologoak eta Eñaut Tolosa zinegilea buru belarri ari dira lanean proiektua aurrera ateratzeko. Hiru goierritar, euskal baleazaleei gertatutakoaz ikertu eta euskaldunoi irudi bidez helarazteko lanean. Euskal baleazaleen triskantza izango da dokumentalaren izena.
Hain justu, urrian beteko dira 400 urte Islandiako triskantza modura ezagutzen dena gertatu zela. Pasaiako portutik ateratako hiru balea ontzi Islandiara joan ziren, arrantzara, baina ontziak urperatu eta bertan geratu behar izan ziren, bueltatzeko modurik gabe. «Negua gainean zuten, eta bertako baliabideak bilatu beste biderik ez zuten izan; horrek arazoak eragin zizkien islandiarrekin», azaldu du Arresek.
Liskarrak medio, islandiarrek 32 euskal baleazale erail zituzten, «oso modu bortitzean». Garaiko egoera politikoa baliatu zuten horretarako. Izan ere, autoritate daniarrek emandako baimen berezia zuten arrantza denboralditik kanpo Islandiako lurretan zeuden arrantzale etorkinak hiltzeko.
Islandiako arkeologo talde batekin batera, 1615ean hondoratutako hiru bale ontzien aztarnak bilatzen saiatuko dira beasaindarrak dokumentalean. «Batetik, ustiategi arkeologiko batera joango gara; baleen grasa urtzeko labe batzuk aurkitu dituzte han, eta baliteke egitura horiek euskaldunenak izatea», azaldu du Arresek.
Bestetik, ontziak hondoratu ziren fiordoetara ere joango dira. Uretan murgilduko dira han, ontzien aztarnen bila. «Sakoneran oso behera joan eta oraindik aztarnarik aurkituko ez bagenu, robot handi bat sakonera handian sartzeko asmoa dugu». Behin ontzia hondoratutako lekua arakatuta, 1615eko euskal baleazaleek egindako bidea egingo dute. Haien pausoak jarraituko dituzte, gertatu zitzaiena kontatuz. «Martin de Villafranca kapitainaren bidea jarraituko dugu», azaldu du Tolosak. «Hiru kapitainetan gazteena zen, liskar gehien izan zituena, eta hil zuten bakarra».
«Euskal Herrian ezezaguna da gertatu zena, eta hutsune hori bete beharra dago», Ander Arrese, Arkeologoa
«Finantzaketa kolektiboari esker grabatu aurretik ere jendearengan interesa pizten da», Eñaut Tolosa, Zinegilea
Hiru hari nagusi jarraituko ditu dokumentalak. Batetik, arkeologoen bilaketak, aurkikuntzak eta bidaia erakutsiko ditu. Bestetik, elkarrizketak egingo dizkiete gaian adituak diren hainbat islandiarri. Orduko gertakariak, berriz, marrazki bizidunen bidez berreraikiko dituzte. «Gure bilaketak eta gertatutakoaren kontakizuna tartekatuko ditugu dokumentalean», esan du Arresek.
‘Crowdfunding’ bidez
Hirukoteak argi du dokumentalaren egitura nolakoa izango den, edo nolakoa izatea gustatuko litzaieken, behintzat. Momentu honetan duten erronka nagusia, ordea, finantziazioa lortzea da. Hainbat diru laguntza jaso dituzte erakunde publiko zein pribatuetatik, baina buruan duten proiektua gauzatzeko diru gehiago behar dute oraindik.
Falta zaien dirua lortzeko, crowdfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina martxan jarri dute Karena plataforman (www.karena.eu). Jendearen ekarpen txikiekin, 6.000 euro lortu nahi dituzte. Tolosaren hitzetan, bi alde on ditu fintzaketa kolektiboak: «Batetik, dirua lortzen da, eta bestetik, jendearengan interesa pizten da dokumentala egin aurretik». Interesa dutenek hiru aste dituzte oraindik ordainketa egiteko.
Arresek eta Tolosak Islandian bizi den lagun baten bidez izan zuten baleazaleen triskantzaren berri, duela urtebete pasa. Arreseren hitzetan, han oso presente dute gertatutakoa: «Lagunak kontatzen digu fiordo haietara joan eta euskalduna zarela esaten baduzu, barkamena eskatzen dizutela». Euskal Herrian, berriz, gertaera ezezaguna da gehienentzat. «Uste dugu hemen badagoela hutsune hori betetzeko beharra».
Besteak beste, Jon Guodmusson islandiarrak idatzitako poema liburuan oinarritu dira dokumentalaren gidoia osatzeko. Garaiko gizarteak bezala, idazle hark ere gertatutakoarekiko jarrera kritikoa izan zuen Tolosaren esanetan. «Nahiko objektiboa izan zen, eta datu fidagarriak ematen ditu». Bestalde, orain arte egindako indusketa arkeologikoen inguruan ere ikertu dute.
Beasaindar hirukoteak uda amaieran egin nahi du Islandiarako bidaia. Ideia badute, dirua lortzen ari dira gutxika, eta proiektua gauzatzea izango da hurrengo pausoa. Bi astez grabatzea aurrikusten dute. Euskal Herrira bueltatzean, berriz, grabatutakoari forma ematen eta marrazki bizidunekin uztartzen izango dute nahikoa lan. Ondo bidean, urte amaierarako dokumentala ikusgai izatea espero dute.
Islandiarren eta gipuzkoarren adiskidetze ekitaldi sinbolikoa
Euskal baleazaleen triskantzak 400 urte beteko ditu urrian, eta urteurrenak gaurkotasuneko gai bihurtu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Islandiako agintariek berradiskidetze ekitaldi sinbolikoa egin zuten joan den astean, gaiaren inguruan antolatutako kongresuari amaiera emateko. Holmavic izeneko herri txiki batean, harri baten gainean, 1615ean eraildako 32 gipuzkoar arrantzaleen omenezko plaka bat jarri zuten.
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak parte hartu zuen ekitaldian. «Eredugarria da islandiarrek egin duten irakurketa kritikoa pasarte historiko horretaz», zioen Garitanok.