Oier Artolak sartu zuen partidako gol bakarra; asteburuan Berio taldearen aurka jokatuko du Donostian
Beasain futbol taldeko Oier Artola gola ospatzen.
Beasain Zaleen laguntzarekin eta babesarekin Beasain futbol taldeak beste hiru puntu eskuratu zituen larunbatean, Getxoko (Bizkaia) Arenas taldeari 1-0 irabazita. Oier Artolak sartu zuen gola bigarren zatiko 39. minutuan.
2.B mailara igotzeko borrokan beste hiru puntu eskuratu zituen. Beasainen arerioa den Durango taldeak ere irabazi egin zuen eta oraindik ere aurretik jarraitzen dute bizkaitarrek, laugarren postuan, 61 punturekin, Beasainekin berdinduta. 2.B mailara igotzeko igoera fasea lehenengo lau taldeek jokatuko dute.
Sailkapenean lehenengo postuan Portugalete dago 72 punturekin; bigarrena Gernika 69 punturekin eta hirugarren Arenas 67rekin.
Bi partida falta
Denboraldia bukatzeko bi partida falta dira. Beasainek datorren igandean, Donostian jokatuko du Berioren aurka. Azkeneko partida, berriz, etxean, Loinatz zelaian jokatuko du Zamudioren aurka.