Idiazabalgo gazteak, beti gazte eta beti gogotsu
Idiazabalgo gazteek, adin batetik aurrera elkartzeari eta ekitaldiak antolatzeari uzten ziotela ikusita, Izalgo Gaztek taldea sortu dute. Azken hilabeteotan bingoa, bizikleta martxa eta ...
Idiazabalgo gazteek, adin batetik aurrera elkartzeari eta ekitaldiak antolatzeari uzten ziotela ikusita, Izalgo Gaztek taldea sortu dute. Azken hilabeteotan bingoa, bizikleta martxa eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. Orain galdera-erantzun lehiaketa antolatu dute.
Beste ekimen asko bezala, ordu txikitan sortu zen. «Lagun batzuk gaiari buruz hitz egiten genuen elkartzen ginen bakoitzean: gaztetxean 20 urte ingurukoak ibiltzen zirela, adin batetik aurrera herriko gazteak ez ginela elkartzen, gaztaroa 25 urterekin bukatzen zela zirudiela, astean zehar ikasi edo lana egin eta asteburuan parranda bakarrik egiten genuela…», aipatu du Idoia Sanzek.
Hala, otsailean bilera bat deitu zuten. 17 eta 30 urte bitarteko 30 bat lagun azaldu ziren. «Ahalik eta jende gehien elkartu nahi genuen eta lortu genuen».
Galdera bat egin zioten elkarri: ea zergatik uzten zuten Gazte Asanblada horren gazte. Jendeak lotura handia zela eta egitasmo askotan behartuta parte hartzen zela erantzun zuen jendeak. Hori dela eta, aurrerantzean ekitaldiak nahi zutenek antolatuko zituztela eta nahi zutenek parte hartuko zutela erabaki zuten.
Lehen ekitaldiak Emakumeen Egunerako antolatu zituzten. Bingo bat egin zuten eta lortutako diruarekin Emarrock dokumentala bota zuten eta txokolate-jana egin zuten. Ondoren, bizikleta martxa «koloretsua» eta bazkaria egin zituzten.
Orain Jakin eta Irabazi lehiaketa antolatu dute. «Herritar guztiek parte hartzea nahi dugu. Futbito txapelketan bezala, baina kultur ekitaldi batean». Bikoteka parte hartuko dute eta galdera guztiak Idiazabali buruzkoak izango dira. Herriko tabernetan bi kutxa jarri dituzte: bata izena emateko eta bestea galderak proposatzeko. Lehiaketa maiatza bukaeran hasiko da. Ostiral iluntzetan egingo dute, herriko plazan.