Antion egin zuen PSEk Batzar Nagusietarako Oria barrutiko zerrendaren aurkezpena.
Antioko ermita aukeratu du asteburuan PSEk datorren maiatzaren 24ko hauteskundeetarako Batzar Nagusietarako hautagaitzaren aurkezpena egiteko. Bertan izan da Denis Itxaso ahaldun nagusitarako hautagaia eta berak aurkeztu ditu Oria barrutiko hautagai Jose Ignacio Asensio eta Petra Romero zerrendaburuak.
Zumarragako alkate Mikel Serranok egin zituen atzoko ekitaldian anfitrioi lanak. “Bere prestutasun, ilusio, gertutasun eta jarreragatik alkate eredugarria” dela esan zuen Itxasok Serranori buruz.
Gipuzkoaren defentsa egin zuen Itxasok bere hitzartzean. “Mundu zabalera balio erantsi handia duten ondasunak esportatzen dituen herrialdea da Gipuzkoa; bertako erakundeen gisako konplexurik ez duena”, zioen hautagaiak. “Azkarragoak eta ausartagoak izan gaitezen eskatzen dugu; konplexurik gabe, bost kontinenteetara esportatzen duen enpresa horiek bezala. Konplexu horiekin ibiliko balira ez lirateke egiten dutena egiteko gai izango; eraman dezagun kultura hori gure erakundeetara, Aldundira”, esan zuen.
Denis Itxasok 700.000 gipuzkoarren alkate izan nahi duela azaldu zuen Antioko ekitaldian. “EAJ eta Bildu txaponaren aurpegi bera dira: etsipenaren aurpegia eta konplexuena, neurri txikian dabilena. Gipuzkoak erronka ausartak behar ditu, proiektuak kaxoitik atera eta nazioartekotzea helburu izan behar du”.
Mikel Serranok, bere aldetik, EH Bildu Aldundian izan den bitartean Zumarraga eta Goierri garaia “ahanzturan” erorita egon direla salatu du. “Koalizioa geldirik egon delako” zintzilik dauden “erronka ausko” daude oraindik Zumarragako alkatearen ustez; Goierriri zuzenean eragiten diotenak. Era berean, Aldundian Itxasoren presentzia Zumarragarentzat eta eskualdearentzat “onuragarria” dela uste du Serranok.