Aldasoro: "Beasainek ekonomia berpiztuko duen proiektu bat behar du"
Tokiko eragileekin bildu da beren beharrak bertatik bertara ezagutzeko
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako EAJren hautagaia enpresekin, kirol-eragileekin eta gizarte-eragileekin elkartu da; Bat-egite, Gurutze Gorria, Asmube edo BKL eta Bareak merkatarien elkartearekin ere bai. Bestelako bisitak ere egin ditu, hala nola, Aspaceren zentrora, Arangoiti egoitzara edo duela gutxi inauguratu den teknifikazio zentrora. Bisita horiekin batera, datorren agintaldirako dituen proiektuen berri eman du Aitor Aldasoro EAJko alkategaiak. Proiektu horien bidez, beasaindarren arazoak konpondu nahi dituztela esan du, “herrigune sustatu, merkataritza jarduera indartu eta udalerriaren etorkizunerako garapena bermatu”.
Besteak beste, Aldasorok ekonomiari bultzada emateko beharra azpimarratu du, “lehentasuna emango diogu ekonomiaren sustapenari eta merkataritza zein enpresen sustapenari”. Aldasororen ustetan, Beasain geldirik egon da azken lau urteotan.