Azoka, erakustaldiak eta musika izan ziren atzo Idiazabalen, 18. Gazta Egunean. Jesus Etxezarreta eta Lurdes Errazkin artzainak omendu zituzten.
Argazkia: Idiazabal Turismoa
Asteburu bete betea izan dute Idiazabalen, 18. Gazta Egunaren harira. Artzantzarekin lotutako hitzaldiak eta irteerak izan dituzte, besteak beste. Aurten, gainera, lehen aldiz karpa handi bat jarri dute herrian, eta Eusko Label produktuka banatu dituzte bertan, txerrikia eta sagardoa, esaterako.
Atzo goizean goiz jarri zuten azoka, eta hainbat erakustaldi izan ziren. Ardiei ilea nola mozten zieten edota gazta nola ketzen zuten ikusteko aukera izan zen. Eta, nola ez, gazta probatzeko aukera ere bai. 500 kilo gazta inguru banatu zituzten jendearen artean.
Omenaldia eta gazta txapelketa
Urtero artzainen bat ere omentzen dute Idiazabalgo Gazta Egunean. Jesus Etxezarreta eta Lurdes Errazkin idiazabalgo artzainak omendu dituzte aurten, Aizkoetabarrena baserrikoak.
Gazta txapelketa ere izan zen. 23 gaztagilek parte hartu zuten, eta eta Pedro Gabiria izan zen garailea, Legazpiko Makatza baserrikoa. Bigarren saria Alicia Monedero abadiñoarrak lortu zuen (Atxarte), eta hirugarrena Jesus Ansola elgoibartarrak (Mausitxa).
Erakusketa. Maiatzaren 15era bitartean, udaletxeko areto nagusian ikusgai izango da Artzaiaren bizimodua erakusketa. Iñaki Vergararen argazkiek eta informazio panelek osatzen dute erakusketa. Ordutegia: 10:00-14:00 eta 16:30-20:00.