Beasainen izan da Markel Olano EAJren Gipuzkoarako diputatugaia, eta Gipuzkoako zerga sistema aldatzeko lau proposamen zehatz egin ditu.
Markel Olano Beasainen, EAJko hautagaiekin. / Maialen Igartua
Hauteskunde kanpainan zehar programako hamabost proposamen nagusiak aurkezten hari da EAJ Gipuzkoan, herriz herri. Beasainen izan da gaur Markel Olano Gipuzkoarako Batzar Nagusietarako hautagaia, eta fiskalitatearen inguruko lau konpromiso zehatz aurkeztu ditu.
Lehen konpromisoa, Euskal Autonomia Erkidegoan fiskalitatea aldatuko duen edozein erabakik hiru lurraldeetako armonizazio fiskala kontuan izango duela. “Hori ez da gertatu azken lau urteetan, eta Gipuzkoako enpresak desabantaila egoeran daude”, adierazi du Olanok.
Zerga sistema armonizatzearen ildoari jarraitzen dio bigarren proposamenak ere: Gipuzkoan indarrean dagoen aberastasun eta dirutza handien zerga kentzea proposatu du Olanok. “Enpresari batek irabaziak badauzka, eta irabazi horiek bere enpresan inbertitu nahi baditu, ezin du, irabazi horiek bere ondare pertsonal bihurtzen direlako”, adierazi du. Olanoren hitzetan, egoera hori ez da Europako beste inon gertatzen, eta “onartezina” da.
Zerga sistema, enpresen apustuak babesteko tresna
Hirugarren konpromisoa alderdiaren estrategiari dagokio. Olanok azaldu duenez, EAJrentzat zerga sistema ez da izango “dirua biltzeko tresna hutsa”, baizik eta “Gipuzkoako enpresen apustu nagusiei babesa eta laguntza eskaintzeko tresna”.
Helburu horri jarraituz, zerga sistemarekin jasotako dirua zenbait jarrera indartzeko erabiliko dutela agindu du Olanok; horixe izan da laugarren konpromisoa. Nazioartekotzeko apustuak, teknologian inbertsioak eta kontratazio berriak izango dira babestuko dituzten jarreretako batzuk.
Deskargako lanak amaitzeko konpromisoa
Atzo Bergaran izan zen Olano, eta Deskargako lanak amaitzeko konpromisoa hartu zuen bertan. Bestalde, Deskargako errepidean bidesaria jartzearen alde egin zuen, beharrezkoa ikusten baitu gaitasun handiko errepideek bidesaria izatea, lurralde osoan oreka lortzeko.