Ataunek, Beasainek eta Zumarragak herriarteko pilota txapelketako itzulerako partidak jokatuko dituzte bihar
Herriarteko pilota txapelketa jokatzen ari diren Goierriko hiru taldeek itzulerako partidak jokatuko dituzte bihar. Beasainek pasea eskuan du, Ataunek oso bideratua du eta Zumarragak miraria behar du ia.
Beasaindarrak Lezoren aurka jokatzen ari dira lehen kanporaketa hau. Joaneko partidak etxean jokatu zituzten eta hiruretan nagusitu ziren: kadete mailan 22 eta 19, gazte mailan 22 eta 2 eta senior mailan 22 eta 3. 42 tantoko aldea lortu zuten, guztira. Itzulerako partidak ostiralean jokatuko dituzte: 19:30ean, Lezoko pilotalekuan.
Ataundarrek etxean jokatuko dute: 21.00etan, Auzoeta kiroldegian, Alegiko taldearen aurka. Ataundarrek kanporaketa bideratua dute, Alegin bi eta bat nagusitu baitziren. Aipatzekoa da partidak hasi baino ordu erdi lehenago Mexikon istripuz hil den Irantzu Aizpuruari omenaldi xume bat egingo diotela.
Bukatzeko, zumarragarrek Billabonan jokatuko dute, Zizurkilgo taldearen aurka. Ostiralean, 19:30ean. Joanekoan hiru partidak galdu zituzten.