Urretxuko EAJk ez du ohiko hauteskunde programa etxeetara helaraziko. “Gure programa malgua eta aktiboa izango da. Badirudi denetarik har dezakeela paperak eta guk ez dugu bide hori hartuko”, esan du
Urretxuko EAJk ez du ohiko hauteskunde programa etxeetara helaraziko. “Gure programa malgua eta aktiboa izango da. Badirudi denetarik har dezakeela paperak eta guk ez dugu bide hori hartuko”, esan du Jon Luqui alkategaiak. Hiru mezuetatik abiatu du EAJk Urretxurekin hartuko dituen konpromisoen zerrenda.
- Urretxurekin eta Urretxurentzat gobernatu
- Zubiak eraiki eta etorkizunera begiratuko duen ikuspegi partekatua jaso
- Irabazi nahi dute eta agintaldia amaituta atzera begiratu, eta lana ondo egin dutenaren segurtasuna izan
Konpromisoetan lehena
gardentasuna da. “Gobernatzeko beste eredu bat nahi dugu, gardena eta irekia. Urretxuko Udalaren egoera ekonomikoa tristea da eta irtenbidea ez dago bermatuta. Ez ditugu kontuak argi ikusten, hala udalarenak nola Urretxu 2020 sozietate publikoarenak. Udalak ez dauka apenas dirurik eta gastu finkoa 30 puntutan igo da azken zortzi urteotan. Zorpetzeko gaitasun gutxi dauka eta, gainera, Sarralderen zama astuna du”. Udalean auditoria bat egitearen aldeko agertu da, “egoera ekonomikoa onbideratzeko lehenengo urrats gisa”.
Parte hartzea da bigarren konpromisoa. Urretxun lanean ari diren esparru ezberdinetako eragileen eta udalaren arteko lankidetzaren alde egin du. “Parte hartzeaz hitz egiten da, baina urretxuar gutxik dakite, esate baterako, aurreko astean udalak pasionisten eraikina erosi duela. Guk geuk, oposizioko alderdiek bezperan jakin genuen. Ez naiz zer egin denari buruz ari, nola egin denari buruz baizik. Urretxu 2020 sozietatea likidazio prozesuan dagoela ere inork gutxik daki”. Bestetik, Luquik jolas parke estalia non kokatuko den ebazteko EH Bilduren udal gobernuak martxan jarritako prozesu parte hartzailea oso egokitzat jo du, “parte hartzearen alde gaude, eztabaidari ez diogu izkin egingo, elkarteen eta udalaren arteko oreka bat sortu behar da, udalak haien bultzada behar du, udalak bultzatu egin behar dituen bezalaxe”.
Jardun ekonomikoa sortzea da hurrengo konpromisoak hartzen dituen blokea. “Urte asko dira Urretxu geldirik dagoela. Guk gutxienez lau urteko iraupena izango lukeen kudeaketa plan bat diseinatu nahi dugu, adostasunean oinarrituta, izan ere, egokiena lau urteko epe hori gainditzeko gai izango litzatekeen plana izatea da”. Ikastolaren proiektua estrategikotzat hartu du alkategai jeltzaleak, “langile gehien duen enpresa da Urretxun eta erronka handia izango da proiektu hori martxan jartzea”. Aipatu duen beste proiektua Sarraldekoa da, “gaur-gaurkoz Urretxuk duen zamarik handiena da, irtenbide bat bilatzeko unea da”.
EAJren konpromisoak zeharkatzen dituen
marra gorria zein den zehaztu du: “Inor ezin dugu bazter utzi. Lortutako mailatik ezin gara jaitsi, eta kolektibo zein pertsona ahulenak babestu beharrean gaude. Hau da, hain zuzen, Urretxurekin sinatu nahi dugun kontratuaren muina”.
Auzoetan lan txikiak egiteko asmoa agertu du, “udaletxearen egoera ekonomikoa zein den jakin arte ezin dugu besterik esan”. Euskarari bultzada eman eta kirola sustatzeko ekintzak Zumarragarekin batera lantzearen aldeko agertu da Luqui.
Amaitzeko, bost oinarri nabarmendu ditu: egoera ekonomikoa onbideratu, marra gorria errespetatu, proiektu estrategikoak martxan jarri, lan txikiak egin eta guzti guztiei entzun.
The post
Udalaren egoera ekonomikoa onbideratzea izango da Urretxuko EAJren jardunaren helburu nagusia appeared first on
Otamotz.