Zegama-Aizkorri XIV. Mendi Maratoia igandean jokatuko da. Europako Txapelketa ere izango da, eta Munduko Koparako puntuagarria. Kilometro bertikala da berritasuna
Hamalaugarren ekitaldia igandean izango du Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, eta antolakuntzak zozketarako atera zituen 225 dortsaletarako 6.000 lagunek eman zuten izena. Denera 450 partaide izango dira, horietatik 63 goierritarrak. Kilometro Bertikalerako 12 goierritarrek dute dortsala, eta gazteei zuzendutako Junior Trail proban eskualdeko bost korrikalari lehiatuko dira.
Aurten Europako Txapelketa ere jokatuko da, Aizkorri-Aratzeko barrutian. Skyrunning goi mendietako modalitateko onentsuenak Zegaman izango dira. Onena ez, Kilian Jornet ez delako aurten etorriko zazpi aldiz garaitu duen herrira. «Karrera arraroa izango da Jornet gabe», aitortu dute antolatzaileek. Nepalen dago korrikalaria.
Ohiko ibilbidea maratoian
Zegamako plazatik igandean 09:00etan irtengo dira maratoiko korrikalariak. Distantziako 42,195 kilometro ofizialak izango dituzte aurretik (%55 inguru da teknikoa). 2.736 metroko igoera metatua du ibilbideak. Gehienez zortzi orduan egin beharko dute.
Zegamako herritik Otsaurtera (7. km) igoko dira. Ultzamatik Atabarretara (13,5. km), eta handik gora Aratz (16,1) dute lehen malda pikoa. San Adrianera jaitsi, eta Santi Espiritutik (19,6) Aizkorriko erdiguneraino (22,1) joko dute. Aitxuri bitartean mendizerraren gailur harkaiztsua igaro, eta Oltze eta Urbiatik gora Andraitzetik barrena gaindituko dute Aizkorri.
Kilometro bertikala, aurrez
Aurten, berritasuna Zegama-Aizkorri I. Kilometro Bertikala izango da. Bihar 16:00etan hasiko da, mendi maratoiaren asteburua girotzeko eta modalitateak ugaritzeko. Arriaundi parajetik (505 m) abiatuko dira, Gorospe auzoan trenbidetik metro batzuk beherago, eta Aitxuri tontorrera (1.520 m) da ibilbidea. Luzean 3,2 kilometro dira, baina 1.015 metroko desnibela gainditu beharko dute. Hortik kilometro bertikala.
Antolatzaileek emandako informazioaren arabera, korrikalariak udaletxe aurreko plazan bilduko dira 15:30etik aurrera, eta handik, talde txikitan, eta bakoitzaren irteera orduaren arabera, abiada kontrolatua egingo dute irteera puntura arteko bidea.
Bestetik, 16-18 urte arteko neska-mutilentzat junior traila ere egingo da, laugarrenez. Maratoiaren gazte bertsioa (10,4 km) igandean 10:30ean hasiko da.
Trafiko arauak
Zegama-Aizkorri probako antolatzaileek hainbat zehaztapen eman dituzte biharko eta iganderako trafikoari dagokionean:
- Bihar, ostirala, kilometro bertikala egiten den bitartean apeaderoko bidea itxita egongo da. Berdin Oazurtzan ere, Brinkolatik igotzen diren ikusleentzat. Korrikalariek aparkalekurako bereizgarria eraman beharko dute ibilgailuan.
- Igandean:
- Goizeko 06:30etik herrigunea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat. Korrikalariek eta antolakuntzako kideek bakarrik igaro ahalko dute.
- Aparkaleku nagusia Intxaustiko industriagunean egongo da. Herrirako sarbidea oinez edo antolakuntzak jarritako autobusetan egin beharko da.
- Otzaurten ere 06:30ean itxiko dute bidea, 10:30ak bitartean, eta ordutik aurrera Zegamarako sarbidea Ertzaintzak kontrolatuko du, Olaberria auzoan.
GOIERRIKO PARTE HARTZAILEAK PROBA BAKOITZEAN
JUNIOR TRAIL
KM
MARATOIA