Dantza jaialdia egingo dute gaur Lazkaon 100 bat dantzari gaztek
Ordizian Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute etzi. Dantzari nepaldarrek parte hartuko dute alardean. Diru bilketa egingo dute Nepalera bidaltzekoDantzariek hartuko dute gaur arratsaldean Lazkao. Alurr dantza taldeak iaz antolatutako dantza jaialdiari se...
Ordizian Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute etzi. Dantzari nepaldarrek parte hartuko dute alardean. Diru bilketa egingo dute Nepalera bidaltzeko
Dantzariek hartuko dute gaur arratsaldean Lazkao. Alurr dantza taldeak iaz antolatutako dantza jaialdiari segida eman nahi dio aurten eta, gaurkoan, Ordiziako, Anoetako, Ibarrako, Tolosako eta Lazkao bertako 100 bat dantzari gazte elkartuko ditu.Jaialdiaren helburua biltzen diren dantzari gazteen arteko hartu emana estutzea da. Iaz lankidetza plan bati hasiera eman zioten eta gaurkoan jarraipena emango diote. Talde bakoitzak egiten duen lana besteei ezagutzera eman nahi diote. Herrietako taldeak izanda ere, urte osoan egiten duten lanari aitortza egingo diote gaurko jaialdiarekin eta, bide batez, Lazkaoko kaleetan zer egiten duten erakutsi ere. Helburua, horrenbestez, bikoitza da, taldeen arteko harremanak sendotzea eta egiten duten lanari azpimarra egitea. Dantza eginez euskal kulturari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi dute.
Lazkaoko dantza jaialdiaren lekukoa Ordiziako Dantzari Txiki egunak hartuko du etzi. Amets Bide dantza taldeak antolatuta, 11:00etan harrera egingo diete Barandiaran plazan parte hartuko duten beste taldeei. Talde parte hartzaileak: Oin Arin (Lazkao), Iztueta (Zaldibia), Lurra (Urretxu), Amaiur (Iruñea), Goruntz (Gabiria), Arkaitz (Añorga), Ilunbe-Elkarkide (Trintxerpe), Amets Bide eta Urdaneta (Ordizia).
Elkartasuna Nepalekin
Barandiaran plazan egingo duten alardean (13:15) dantzari nepaldarrek parte hartuko dute. Aste honetan bigarren lurrikara batek gogor kolpatu du Nepal eta jaialdian laguntza biltzeko asmoa dute Amets Bidekoek. Hain zuzen, nepaldarren saioaren ondoren, diru bilketa egingo dute Barandiaran plazan elkartzen direnen artean. Dantzari Txiki Egunari arratsaldean emango diote amaiera dantzaldi ireki batekin; 18:00etan, plazan.













