Ehunka haurrek danbor hotsez alaitu dituzte Beasaingo kaleak
Loiantz jaietako bigarren egunean, haurren danborrada egin dute gaur eguerdian. Oriako Pasealekutik Loinazko San Martin Plazaraino egin dute ibilaldia, Barrendain plazaraino igota. Hamar konpainia osatu dituzte herriko ikastetxeetako neska-mutikoek, barrikak eta danborrak jotzeko. Bukaeran karroza ere pasatu da. Beasainek hiribildu titulua eskuratu zueneko 400. urteurrena izan da aurten gai nagusia: olariz eta antzinako itxuraz jantzi dira karrozako haurrak.
Euri zipitza hasten zuela abiatu dira ehunka haur, bozgorailuetatik Beasaingo martxa zerion bitartean. Euririk ez die egin, hala ere, jasotzera egin duelako eguraldia. Haur bakoitzak zira bilgarria zeraman gerrian, badaezpada. Lepoan, berriz, guztiek Beasianen 1615-2015 mendeurrenaren zapi urdina.
Gaur, larunbata, arratsaldean gaztetxoentzat jolasak egongo dira, 17:00etan Barandiaran plazan. 19:00etan, Beasaingo Hiria eta Igartza Saria argazki lehiaketen sari banaketak egingo dituzte, Usurbe antzokiko aretoan. Helduen danborrada ere izango da (19:00); Beasaingo Martxa Igartzan joko dute 20:00etan, eta 21:15ean plaza nagusian bukatuko dute ibilaldia. Gauean, disko festa (22:00, Gernika pasealekuan), Nonahi taldearekin dantzaldia (23:00, Loinazko San Martin plazan), eta En Tol Sarmiento eta Kaotiko taldeen kontzertuak (23:00, Bideluze plazan) daude.
Bihar, igandea, honako egitaraua dute Beasainen:
![Beasaingo haur danborrada./Aimar Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/05/258284.jpg)
Beasaingo haur danborrada./Aimar Maiz
- 09:00. Heriotzarik gabeko arrantza lehiaketa, Goierriko haurrentzat. 12:00etan, elite taldearen erakustaldia.
- 10:00. Goizeresi txistulari taldearekin kalejira.
- 10:00. Xake jokaldiak, Alfil elkartearen egoitzaren parean.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- 13:00. Loinatz musika eskolako banda, Loinazko San Martin plazan.
- 17:30. ZooZoom kale ikuskizuna, Iturralde plazan.
- 18:00. Afrikarren Eguna: tailerrak, eskulangintza erakusketa, janari eta edari dastaketak… Loinazko San Martin plaza azpian.
- 18:30. Eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiaren finala, Gernika pasealekuko frontoian.
- 19:00. Mozambikeko Artexibu perkusio eta dantza taldea, kaleetan.
- 21:30-22:45. Kale animazioa Euskorlean eta Dixie Band taldeekin, Barrendain plazan.
- 22:30. Su festa musikatua, Igartzako multzoan.
- 22:45. Kontzertuak: Jimmy Muelles, Apalatxe eta Pimpo, txosnetan.