Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak parte hartuko dute
Kutxa Ekoguneak EkoBira azoka antolatu du Ordizian gaurko. EkoBira Ordiziako Plaza Nagusian izango da goizez (10:30-14:30) eta arratsaldez (17:30-20:00). Ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak parte hartuko dute. Haurrentzako bi tailer ere egingo dira. Azokaren osagarri, ostegunean, hilak 14, Basherri taldeei buruzko hitzaldi bat egingo da Barrenan, 18:30ean.
2011n EkoBiraren lehenengo edizioa martxan jarri zenetik, azoka ibiltari honek 21 udalerri ezberdinetan ikusgai jarri du bizimodu jasangarria egiteko aukera anitzak badaudela, bai elikadura alorrean eta baita energia-kontsumoan, aisialdian eta beste hainbat arlotan ere. Modu honetan, EkoBirak ingurumenean eragin edo inpaktu txikiagoa duten produktu eta zerbitzu ekologikoak kontsumitzeko aukerak herritarren eskura jartzen ditu.
Honez gain, haurrentzako bi tailer prestatu dituzte. Goizean (10:30-14:30) txori janlekuak egin ahal izango dituzte eta arratsaldean (17:30-20:00) galtzerdi txotxongiloak. Ordiziako EkoBiran parte hartuko duten hornitzaileek alor desberdinetako produktuak eskainiko dituzte: nekazaritza ekologikoa, artisautza, ekoetxea, berrerabilpena, murrizketa, etab.