Goierriko eskola txikiek Gabirian ospatu dute urteko festa, Ezkio-Itsasokoari ongietorria eginda
Senide bat gehiago da aurtendik Goierriko eskola txikien familian. Orain arte lau herrietakoak elkartzen baziren eskualdeko bilkura edo elkarren arteko topaketa egiteko, gaurtik aurrera bost dira jada: Zerain, Gabiria, Olaberria eta Itsasondoko eskolei Ezkio-Itsasoko sortu berria gehitu zaie. Urteko festa gaur arratsaldean egin dute, Gabiriako plazan.
Urte askoan batere gabe egon ondoren, irailean hasi zuen ikasturtea Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak, Santa Luzia Zahar eraikineko ganbaran —udaletxea da gaur egun—. Hamar ume dabiltza, bederatzi familiatakoak. Datorren ikasturterako aurreikuspenak hazi dira, gainera: zazpi haur gehiagok egin dute matrikula. Gustura dira umeak, herrian bertan dutelako eskola. Zer esanik ez gurasoak: herri bizia izateko aurrerapauso nabarmentzat dute eskolaren eraketa.
Ezkio-Itsasokoei ongietorria egin diete Gabirian. Hango Balentzategi herri eskolakoek antolatu dute bailarako festatxoa. Oihal zatiak batuz irudikatu dute eskola txikien arteko harreman estua. Ondoren, ume jolasak egin dituzte, eta bukatzeko askaria. Eguraldi eguzkitsua lagun, plazan garatu dute festatxoa.
Gabirian Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ere ospatuko da, aurten. Ekainaren 14an da egun hori. Bien bitartean, datorren urtean Itsasondoko herri eskolakoek hartu dute Goierriko bilkura antolatzeko lekukoa, gaur.