Irene Usabiaga txirrindulari ordiziarra.
Eustrak-Euskadi taldeko Irene Usabiaga ordiziarrak irabazi du, gaur, Gipuzkoako Emakumeen Itzuliko lehenengo etapa. Tolosa-Tolosa 83 kilometroko lasterketan azken metroetan nagusitu zaie zortzi lehiakideri, 2:07:53 orduko denborarekin. Esprinteko zuzengunera tropeltxoaren buruan sartzeko kokatze-estrategia bikaina egin du, eta posizio abantaila horrekin lortu du esprinter azkarragoei aurre hartzea.
Atzo aitzinetapa jokatu zen Gipuzkoako II. Itzulian, Bergaran. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, aurreko postuetako txirrindulariak bederatziko tropeltxoan sartu direlako. Hala, Gloria Rodriguezek jarraitzen du lider, bigarren Lourdes Oiarbide da, eta hirugarren Irene Usabiaga, 3 segundora.
Gaurko etapan Ana Usabiaga 20. postuan helmugaratu da (32 segundora), eta sailkapen nagusian 7. tokitik 15.era atzeratu da.
Bihar izango da Itzuliko bigarren eta azkeneko etapa, Zizurkil-Villabona.