Kilian Jornet Zegama-Aizkorri mendi maratoian irtengo da bihar
Azken orduko berri garrantzitsua baieztatu du Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren antolakuntzak, orain ordubete: Kilian Jornet korrikalari kataluniarra lasterketan izango da. Aurten ez zela etorriko iragarri zuten, baina, gaurko kontua da, Jornet Zegaman da. Eguerdian Alberto Aierbe zuzendari teknikoak esan du gastroenteritisagatik agian ez duela korrika egingo. Lehiatuko du.
Kilian Jornet (Sabadell, Katalunia, 1987) ultratrailetako skyrunning modalitateko munduko espezialistarik onenetakoa da. Iaz munduko txapeldun izan zen mendiko korrikaldietako hiru sailetan: skyrunning, ultrarunning eta kilometro bertikalean. Bere webgunean dioenez, 58-59 kiloko pisua du, 171 zentimetroko garaiera, eta gorputzean %8 besterik ez du gantza. Bihotzaren frekuentzia gehienekoa 205 taupadakoa du, eta geldialdian 34 taupadakoa. Oxigeno bolumen gehienekoa 85-90 mililitrokoa du, minutuko eta kiloko. Biriken ahalmena, 5,3 litrokoa.
Zegama-Aizkorrin benetako mito bizia da Jornet. Orain arteko 13 ekitaldietatik zazpi berak irabazi ditu: azkeneko bostak (2010etik 2014ra jarraian), eta 2007an eta 2008an. Kasu guztietan, lau orduen azpitik bukatu du. Probaren errekorra ere berea da, iaz jarria: 3:48:38 ordu.