Legorretako Azentzio festak, gaurko gailurretik bihar bukatzera
Mozorrotuen egun alaia eta ederra igarotzen ari dira, gaur, Legorretan. Azentzio jaietako azken aurreko jardunaldia dute, bihar bukatuko direlako aurtengo festak (Korputs eguna geratuko zaie, ekainaren 6an). Eguerditik aurrera plaza-giro bikaina izan da Legorretan. Hiru osagaik bat egin dute: txakolin dastaketak, 33. Paella lehiaketak eta mozorrotutako kuadrillak. Guztia zipriztintzeko, alaitasuna eta umore ona.
Txakolina partitzen etenik gabe jardun dira, plazan. 96 botila hustu dituzte. Edariari laguntzeko, antxoak oliotan ogi-xerraren gainean. Konbinazio perfektua gosea irekitzeko.
Ondoren, aspaldiko ohiturari segiz —33. aldia izan da aurten—, paella zituzten bazkaltzeko. Hogei-bat taldek eta kuadrillak aurkeztu dituzte, onenaren sarien bila, 14:00etarako. Batzuek pilotalekuan bertan prestatu dituzte; beste batzuek garajeetan eta behebarruetan. Lau sari banatu dituzte. Epaile lanetan, beste lau lagun, bi tabernari izanak: Kontxi Altuna (Guadalupe tabernakoa), eta Maria Jesus Jauregi (Inaxi tabernako etxekoandrea; duela egun gutxi eraitsi dute etxe hura). Haiekin batera, Borja Urretabizkaia (Intsausti tabernako semea), eta Haritz Gorostidi (Kultura Batzordeko zinegotzi buru izana 2007-2011 aldian).
Onenen izendapena lauk bakarrik jaso badute ere, onak denak zeuden. Alerik ez baita geratu. Herri bazkaria paella horietxekin berekin egin dute kuadrillek. Garai batean oilaskoak bertan lumatu eta erretzeko ohitura ere bazuten, Jesus Mari Agirrezabala kultura teknikariak azaldu duenez.
Mozorrotuen artean, berriz, denetarik zebilen gaur. Bi urtean behin gai jakin bat zehazten dute. Aurten libre zeukaten. Ijitoak Renault 4F zahar batekin iragarpenak egiten eta arropa saltzen; saskibaloi jokalariak; boxeolariak, ring eta guzti; Whatsappeko emotikonoak;… The Joselontxo’s txaranga donostiarra jarri du musika plazan, Bi eta bat telesail ospetsuko Jose Lontxoren herrian.