Emakume bat Arana kaleko sarreran asto bat laztantzen / Mikel Albisu
Ostiraletik etenik gabe bata bestearen atzetik ari dira ekitaldiak egiten beasaindarrak, eta gaur ere berdin hasi dute eguna. Astearteroko azoka berezia izan da gaur, eta astero Loinazko San Martin plaza azpian elkartzen diren baserritarrei ganaduzaleak eta artisauak ere batu zaizkie.
Arana kalean eta Bideluze plazan elkartu dira ganadua azokara ekarri duten baserritarrak, eta Zubimuzu plazaren bueltan artisauak. Segurako talogileek ere jarri dute postua eta Nepaldarrek ere bai. Lurrikarek utzitako ondorioak arintzeko helburuarekin diru bilketa egin dute Goierrin bizi diren Nepaldarrek. Pintxoak jarri dituzte herritarren eskura eta borondatea eskatu dute horien truke. Nepalera bidaliko dute bildutako dirua.
Umeek euren protagonismo zatia ere izan dute gaur, zuriz jantzi eta gerriko zein txapel gorria jarrita, urtero egin ohi duten sokadantza egin dute gaur ere. Eguerdien bertsolarien saioa ere egon da, eta arratsaldean ariko dira berriro jendaurrean Sustrai Colina, Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi eta Julio Soto. Bigarren saioa 19:30ean izango da, Loinazko San Martin plazan.
Arratsalderako iragarritako ekitaldien artean umeei zuzendutako herri kirolak eta joko erraldoiak daude, Gernika pasealekuko frontoian, 17:00etatik 19:00etara. Behin bukatuta, helduen sokadantza hasiko da Loinazko San Martin plazan, 19:00etan.