Josefa Ramos sukaldaria
Loinazko San Martin baselizaren inguruan barraskiloak izan ziren protagonista atzo ere Beasainen. Garai batean, lagun talde bakoitzak bereak eramaten bazituen ere, 1990. urtetik Josefa Ramosek prestatzen ditu.
Nolatan hasi zinen barraskiloak prestatzen?
Lehen lagun taldeek prestatuta eramaten zituzten, bakoitzak bereak. Baina ohitura jaisten ari zela eta, 1990ean udalak prestatuta eramatea erabaki zuen. Nik aurrez prestatutako janarien denda bat nuen eta niri proposatu zidaten. Harrezkeroztik urtero prestatu ditut; urte batean izan ezik. Denda utzi nuenean Batzokian hasi nintzen lanean. Eta jarraitu egin nuen.
Barraskiloak zuek biltzen dituzue?
Hasieran bai; banan-banan 5.000 barraskilo bildu eta prestatzen genituen. Gehienak Ataunen biltzen genituen. Gaur egun, 1.500 barraskilo eramaten ditugu, odolkia, gazta eta txorizo egosia ere eramaten ditugu eta.
Gaur egun ere zuek biltzen dituzue?
Ez, Errioxatik (Espainia) ekartzen ditugu, barraskilo haztegi batetik. Behin telebistan ikusi nuen Titin pilotariaren herrian, Tricion (Errioxa, Espainia), barraskilo festa egiten zutela. Bertara joan nintzen informazioa eskatzera. Quentinera bidali ninduten, Arnedo (Errioxa, Espainia) ondoko barraskilo haztegira. Orain hara joaten naiz barraskiloak erostera. Errazagoa da, garbiagoak egoten dira, mukia botata. Hemen udaberrian hasten dira ateratzen baina oso zikinak egoten dira. Urte batean, negu eta udaberri oso txarra egin zuen eta ez ziren barraskiloak ateratzen. Larri ibili nintzen. Ataungo errekan, kaxa batzuetan sartuta, aritu nintzen ur korrontearekin garbitzen. 8-10 urte dira kanpotik ekartzen ditugula.
Jendeak gogoko ditu barraskiloak?
Bai, jende asko barraskiloak jateagatik joaten da. Jendeak txorizoa jatea baino nahiago du. Osagaiak zeintzuk dira? Barraskiloa, tipula, piperra, tomatea, txorizoa.
Odolkiak eta txorizo egosia ere zuk prestatzen dituzu?
Bai. Dendatik ontzi handiak eta egokiak ditut. 10:00etarako eramaten dut dena prestatuta. Idiazabal Gazta ere txikituta jartzen dut. Barraskiloak aurretik prestatzen ditut, bezperan ezin dira denak prestatu eta. Urtero urduri jartzen naiz.
Noizbait arazoren bat izan al duzu?
Urte batean, goizean dendara joan eta tomatea mindu zegoela konturatu nintzen. 5.000 barraskiloak iturrian banan banan garbitu, senarra 09:00etarako Ordiziako Eroskira joan, tomatea erosi eta horrela eraman nituen.
Sukaldatzea gogoko duzu?
Beti gustatu izan zait sukaldaritza. Orain, blog bat ere badaukat Interneten, Josefa Ramosen aholkuak eta trukoak izenekoa. Errezetak jartzen ditut bertan. Orain ogia egiten hasi naiz. Beti saltsan ibiltzen naiz.