Zegama-Aizkorri mataroiak utzitako sentsazioak kontatu ditu korrikalari beasaindarrak
Iñaki Mozo korrikalaria / Jon Izagirre
Lehenengoz Zegama Aizkorri maratoirako dortsala esku artean, lehenengoz maratoi distantziari aurre egiteko aukera, motibazioa, disfrutatzeko nahia, eguraldi petrala egin arren jendetza ibilbide osoan zehar… Ideala zirudien denak; baina behin irteera emanda, lasterketak bakoitza bere lekuan jartzen du.
Hasieratik sentsazioak ez dira nahi bezalakoak izan eta hori gutxi ez eta 13. kilometrotik aurrera hanketan karranpak agertzen hasi dira. Ondorioa, erritmoa moteltzea eta hobeto hidratatu beharra helmugara iritsi nahi banuen.
Aratzeko gaina pasa eta Santi Spiritura iristean, anoa gunean geldialdi luze xamarra egin indarrak berritzeko eta Aizkorrira bidean jarri naiz. Pixkanaka sentsazioak hobetzen joan dira eta ohartzerako ikusleen bultzadarekin Aizkorriko tontorrera iritsi naiz. Kresterioa gurutzatu eta Arbelarrera jaisten nahikoa lan izan dut, karranpa zantzuak nabari zirelako oraindik eta aldapa oso labainkor zegoelako.
Arbelarren etxekoak zain neuzkan eta gorputzaldi hobearekin nindoala ikusita aurreko kilometroetan bidailagun izan ditudanetako bi korrikalarirekin aurrerantz jo dut. Indarrak atera zaizkigu ez zeuden lekutik eta Andraitzetik beherantz ikaragarrizko lokaztia agertu zaigu parean.
Tira, lokaztia pasa eta Moanoko anoa postura iritsi, azken kartutxoak erretzeko ordua; sentsazioak onak zirenez erritmoa estutuz aurrera. Eta ohartzerako Zegamako plazara iritsi eta helmugako arkua lagun on batekin gurutzatzeko aukera izan dut! 42 kilometrok askorako ematen dute, sufrimendua, gozamena, karranpen guda… Lehen aldiz Zegama Aizkorri amaituta eta ez dadila azkena izan!