Uruguiako presidente ohia Astigarretako Muxika baserriaren atarian.
Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia Euskal Herrian dabil egunotan eta gaur goizean, Beasainen, Astigarreta auzoan izan da. Muxika baserrian hain zuzen ere. Mikel Prietok egindako arbola genealogikoaren arabera, Jose Mugicaren jatorria, bertan baitago.
“Bisita pribatua izan behar zuena publiko bihurtu da», esan du, bi komunikabidetako bi kazetarik eta argazkilariek une berezi hori lapurtu baitie.
Kanpoko euritik eta hotzetik babestuta, baserri barruan egin zuten ordubete eskaseko egonaldia. Bertan bizi diren Pedro Alustizarekin eta Maria Rosario Mujikarekin egon da Jose Mujica eta bere emaztea; baita Ixi Mujikarekin eta Agustin Urretabizkaiarekin ere. Maria Rosario Mujikak Goierriko Hitzari adierazi dioenez, «gizon normala» da. Ixi Mujikak gaineratu duenez, «jatorra da eta gertukoa».
Bisita laburra izan da, gero Donostian zuen hitzordua eta. «Etxea ikusten aritu ziren», adierazi du Mujikak. Atzo jakin zuten munduan ezaguna den Mujica gaur etxera bisitan joango zitzaiela. «Presaka etorri da, gauza handirik ez du hartu», azpimarratu zuen Pedro Alustizak. Astigarretarrak gaineratu duenez, «lagunak, familiakoak bagina bezala aritu gara hizketan. Ondo konpondu gara. Konforme ibili gara».
Muxika baserrikoentzako ere ezustekoa izan da Uruguaiko presidente ohiaren jatorria beraien etxean zegoela jakin zutenean. «Guk ere orain jakin dugu. Bizkaiko Muxikakoa zela esaten zuten eta guretzako sorpresa izan da», aitortu du Alustizak.
Zuhaitz genealogikoa
– Miguel Franciso Mugica Yeregui. 1840. Birraitona.
– Manuel Francisco Muxica Yeregui (Tolosa, 1818).
– Miguel Juaquin Muxica Arozena (Azpeitia, 1762).
– Ygnacio Mujica Arregui (Astigarreta, 1734).
– Juan Mujica Arregui (Astigarreta, 1696).