Araman, Beasainen eta Ordizian egingo dituzten bidegorri zatiak finantziatzeko erabiliko dute laguntza
Bidegorria, Beasaingo Ezkiaga auzoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorri sarea hobetzeko 250.000 euro banatuko ditu, herrialdeko 13 udalen artean. Horien artean, Goierriko hiru herri daude: Arama, Beasain eta Ordizia. Hiruen artean, guztira 42.000 eurotik gorako laguntza jasoko dute aldunditik.
Aldundiko iturriek azaldu dutenez, «herrialdeko bizikleta sarea zabaltzeaz eta sustatzeaz gain, udalerrietan bizikletaren erabilera areagotu» nahi dute laguntza lerro berri honen bidez. Hala, dirulaguntza horien helburua udalek bidegorri zati berriak egin eta mugikortasun iraunkorrago bat lortzea da.
Udal bakoitzak garatuko duen proiektuaren portzentai bat finantziatuko du aldundiak, aurrez finkatutako puntu sistema baten arabera. Hala, proeiktu bakoitzari %75eko edo 55.000 euroko gehienezko muga jarri diete. Hamahiru herri eta beste horrenbeste proiektu jasotzen dituen zerrenda horretan, lehentasunaren arabera, Arama eta Ordizia arteko bidegorriaren proiektua izango da lehena; 16.456 euro jasoko ditu. Beasainen berriz, Nafarroa hiribidetik Barrendain plazara arteko zatia egiteko 12.874 euro bideratuko dituzte. Azkenik, Ordiziako Buztuntza auzoan egingo duten inbertsioa ere, 12.874 eurokoa izango da. Beraz, 42.204 euro bideratuko dituzte eskualdera.
Aurtengo martxoan inauguratu zuten Ordizia eta Itsasondo arteko bidegorria. Lan horiek bukatuta, Goierriko eta Tolosaldeko sareak lotuta gelditu dira. Orain, tartean dauden zati batzuk osatzea falta da. Hala, Ordizian eta Beasainen falta diren beste zati batzuez gain, Zaldibiarako zatia egitea ere etorkizuneko asmoen artean dago.
Aizkorpeko bidea itxita
Aldundiko mugikortasun eta bide azpiegitura sailak jakinarazi duenez, Beasain-Segura-Zegama bidegorrian mantentze lanak egingo dituzte datozen egunetan. Hori dela eta, ostegunean eta ostiralean (08:00-17:00), bidegorria itxi egingo dute, «lanak egiten ari diren bitartean harriak eta bestelako objektuak» erortzeko arriskua baitago.