Ordiziako EH Bildu «indarrez eta asmoz berrituta» aurkeztu da
Hauteskunde aurreko azken agerraldia egin du Ordiziako EH Bildu koalizioak, gaur arratsaldean. Lau urtez hainbat proiektu martxan jarri ondoren, «indarrez eta asmoz berrituta» datozela azaldu dute; «lan talde osatuago batekin, esperientzia eta freskotasuna uztartzen dituen lan taldearekin. Lehenengo proiektuei eta ilusioei jarraipena eman» nahi diete, «indar berriekin».
«Xehetasuna, dedikazioa eta borondatea» oinarri hartuta, herriko eragileekin eta herritarrekin batera landutako Ordizia Zabalik prozesua izango da beraien lan programaren ardatza. Helburu nagusietako bat, gizarte politikak indartzea izango da: «Ordizia murrizketarik gabeko herria izaten jarraitu dezan nahi dugu». Kirolaren arloan, Majoriko instalazioen modernizazioari ekiteko martxan diren azterketen ondorioak kaleratuko dituzte. Bestetik, aparkalekuaren gaiari heldu nahi diete. «Azterketa egina du udalak eta gu prest gaude irakurketa tekniko horretatik abiatuta, azterketa egin duten adituekin batera, Ordiziaren beharrak asetzen jarraitzeko».
Kultura eta hizkuntza herriaren oinarri izanik, «Ordiziak behar duen kultur gune sozial berria eraikitzeko herri dinamika aktibatzen ari gara». Ildo horretan, «datorren astelehenetik aurrera erakunde publiko desberdinekin egin ditugun kontaktuei jarraipena eman eta herriko eragileekin kultur gunea bultzatzeko talde eragilea sortzen hasiko gara».
- Ordiziako EH Bilduren programa osorik