Bareak, jaien bigarren ekinaldirako prest
Koadrillen Egunaren ondoren, egun batzutako atsedena izan dute Beasaingo Loinatz jaiek. Baina gaurtik aurrera, berriz ere festara atera dira bareak. Iluntzean bota dute etxafuegoa, eta harekin batera atera dira erraldoiak eta buruhandiak kalera. Aurten Iruñeko Donibaneko erraldoiak etorri dira, Beasaingo Ekaitz taldekoekin batera. Txistularien, musika bandaren eta gaitero nafarren doinuek lagunduta, Igartza aldetik herriguneraino joan dira, txikienen gozamenerako.
Asteburu betea dute aurretik Beasainen. Iluntze partean sagardo eta txerriki dastaketa dute Bideluze plazan, eta Kuxkuxtu txarangak alaituko du kaleko giroa. Gauean berriz, Dantzaki dantza eskolakoen saioa izango da, Loinazko San Martin plazan. Zuzeneko musika nahiago dutenek, Bideluzen izango dute horretarako aukera; 23:00etatik aurrera, Ladislao, Sukarra 37 eta Gabbage City Rockers taldeak ariko baitira. Biharkoa berriz, mozorroen eguna izango dute Beasainen.
- Beasaingo Loinatz jaien egitaraua.