Lau goierritarrek lortu dute jarlekua Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Batzar Nagusietarako bozetan EAJ izan da nagusi, EH Bilduri aurre hartuz
Alderdi jeltzaleak mila botoko aldea atera dio eskualdean ezker abertzaleko koalizioari. PSE-EEk eta PPk behera egin dute eta Ahal Dugu laugarren indarra bihurtu da
Gipuzkoan gertatu den moduan, Goierrin ere EAJk aurrea hartu dio EH Bilduri Batzar Nagusietako bozei dagokionean. Jeltzaleek gora egin dute boto kopuruan, 2011ko foru hauteskundeetan baino 3.000 boto gehiago lortuta. EH Bilduk, berriz, kopuru beretsuan egin du behera. Orain arte ordezkaritza izandako alderdiak ere jaitsi egin dira botu nahiz batzarkide kopuruan. Berrikuntza nagusia, Ahal Dugu alderdia izan da, eskualde mailan 3.300 boto lortuta. Markel Olano beasaindarrak gidatutako hautagaitzak babes zabala jaso du Goierrin, 12.912 botorekin. Bozetan bakarrik ez, batzarkide kopuruan ere igo egingo da EAJ, hemezortzi izango baititu guztira, 2011n baino lau gehiago. Boto kopuruan zein batzarkideenean behera egin duena EH Bildu izan da; Goierrin 11.990 boto lortu dituzte (duela lau urte 15.383). Gipuzkoa mailan, berriz, jaitsi arren, ehun mila botoko mugaren gainetik gelditu dira, eta hamazazpi batzarkide izango dituzte Gipuzkoako ganberan, 2011n baino 5 gutxiago. PSE-EE eta PP ere behera Estatu mailako alderdien artean, orain arte Gipuzkoako hirugarren eta laugarren indarra izan diren PSE-EEk eta PPk behera egin dute hauteskunde hauetan. Sozialistek 4.694 boto jaso dituzte, duela lau urte baino 436 gutxiago. Hala ere, Gipuzkoa mailan bederatzi ordezkari lortu dituzte. PPk, aldiz, botoen erdiak galdu ditu, eta dagoeneko, mila botoen mugaren azpitik kokatu da Goierrin. Gipuzkoan ez ditu askoz emaitza hobeak atera, eta batzarkide bakarra izango du. Ikusteko zegoen ezkerraren izenean aurkezten ziren bi alderdien arteko lehia zertan geldituko zen. Ahal Dugu aise gailendu zaio Irabazi koalizioari, eta Gipuzkoako laugarren indar bihurtu da, sei batzarkiderekin. GOIERRIKO ORDEZKARIAK BATZAR NAGUSIETAN- MARKEL OLANO (EAJ)
Ahaldun Nagusitarako hautagaia ez ezik, Oria barrutiko EAJren zerrendaburua ere izan da Markel Olano. Beasaindarrak 50 urte beteak ditu, Filosofian Doktorea da eta ia 35 urteko ibilbidea darama politikan. Aurretik beste bi aldiz aurkeztu da Batzar Nagusietara, eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen 2007-2011 legealdian.
- JUDIT GARCIA (EH BILDU)
Judit Garcia olaberritarra EH Bilduren Oria barrutiko bigarren hautagaia da. 40 urte ditu eta Nekazaritza ingeniaria da ikasketaz. Aurten, bigarren legealdia egingo du Batzar Nagusietan; besteak beste, Kutxabank auzia gertutik jarraitu du.
- IBAN ASENJO (EH BILDU)
Iban Asenjo ordiziarrak ere bigarren legealdia izango du Batzar Nagusietan. Lanbidez irakaslea bada ere, politikagintzan buru belarri aritu da azken lau urteetan, Batzar Nagusietan eta Ordiziako Udalean, batez ere, ingurugiro arloan.
- AINHOA IBAÑEZ (EH BILDU)
Ainhoa Ibañez beasaindarra da lau batzarkide goierritarren artean gazteena. Lehendabizikoz parte hartuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 33 urte ditu eta komunikazio arloko langilea da.












