Jakintzan ez dute egin LOMCEk agindutako diagnostiko azterketa
Ordiziako Jakintza ikastolan gaur zuten egitekoa Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat jarri duten diagnostiko azterketa. Baina azkenean ez da burutu. Argia.eus-ek jakinarazi duenez gurasoek aurka egin diote etsamina horri, eta neska-mutilak ez dira gelara joan. Gutxienez 12 haurrek joan behar zuten, azterketa egin ahal izateko.
Espainiako LOMCE hezkuntza lege berriak agintzen du azterketa berezi hori egitera, LH 3. mailan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 ikastetxe aukeratu zituzten gaurko, tartean Jakintza. Legeak protesta ugari eragin du, iragarri zenetik beretik. Azterketa diagnostiko bat egiteko dela soilik argudiatu dute aurka dauden gurasoek, eta ez du balio akademikorik.
Jakintza ikastolan aurreko astean jakin zuten proba egiteko aukeratutako ikastetxe bat hura izango zela. Irakasleriak eztabaidatu ondoren, azkenean gurasoen esku utzi zuten erabakia. Ikastetxeko zuzendaritzak edo irakasleek planto egiteak ondorio legalak izango lituzke, baina gurasoek eta seme-alabek ez.