Adinekoen egoitzetan greba mugagabera jotzeko prest dira, akordiorik ez bada
San Jose egoitzako langileek protestan jarraitzen dute, hitzarmen duin baten eske. Eulenek hitzarmena sinatzen ez badu, greba hasiko dute astelehenetik aurrera
Luzatzen ari da Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazka. Dagoeneko 23 egoitzetan eta 15 eguneko zentrotan onartu dute lan hitzarmena, baina beste askotan, egoerak blokeatuta jarraitzen du. Hori da Eulen zentroak kudeatzen dituen Gipuzkoako 7 zentroetako egoera; tartean, Ordiziako San Jose egoitzakoa. Aste honetan lan hitzarmena sinatu ezean, ekainaren 1etik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.
Ordiziako egoitzaren atarian, protesta kanpaldia egiten ari dira langileak. ELA sindikatuko Ana Mertxanek azaldu duenez, «Euleneko 50 bat langile» daude egoera horretan. Hilaren hasieran hiru eguneko grebar egin zuten; geroztik lanean ari dira, baina protestan jarraitzen dute, eta aste honetan pankarta gehiago eta kanpamentua jarri dituzte «presio gehiago egiteko». Egun osoan zehar egoten dira bertan: «txandak egiten ditugu, jai dutenak hemen egoten dira, eta besteok atsedenetan etortzen gara».
Ostiralerako aldaketarik ez bada, astelehenean greba mugagabea hasteko prest daude. Mertxanek azaldu duenez, «ostegunean egingo dugu batzarra, eta bertan hartuko dugu erabakia». Orain arte zuzendaritzak « ez du negoziatzeko borondaterik» agertu; baina egunotan proposamen bat iritsi zaie. «Eskatzen ditugun hobekuntzak jasotzeko prest» daudela esan die Euleneko zuzendaritzak, baina baldintza batekin: Aldundiak udalei emango dien laguntza beraiei bideratuko zaiela dioen paper bat sinatzea nahi dute. «Hala esan ziguten: edo denek sinatzen dute edo ez dago akordiorik».
Eulen taldeak adinekoen zazpi egoitza kudeatzen ditu Gipuzkoan; Ordiziaz gain, Andoain, Bergara, Hernani, Irun, Oñati eta Zumaiakoak. EH Bilduk aldundiaren proposamena babesten izan du, baina «orain hauteskundeetan eta izandako aldaketek ez dakigu nola eragingo duten». Ordiziako kasuan behintzat, «udalaren partetik arazorik ez dela izango» esan diete.
Adinekoen egoitzetako gatazka, bi urtez luzatu den adostasun eza Hilaren 6tik 8ra, hiru eguneko greba egin zuten Ordiziako eta Gipuzkoako hainbat zentrotako langileek. Baina adinekoen egoitzetako lan gatazka duela bi urtetik dator. Aurrena erizainen eta zaintzaileen lan hitzarmenaren inguruan sortu zen sesioa, baina gerora, garbiketako eta sukaldeetako langileak ere gehitu zaizkie. Urrian hasi zuten azken negoziazio erronda, oraindik konpondu gabe dagoena. Langileek hobekuntzak aldarrikatzen zituzten bitartean, patronalak Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma aplikatu nahi zuen. Zentzu horretan, patronalak negoziazio mahaian 5 hilabetez «blokeo egoera mantendu» duela azaldu dute langileek. Gatazka korapilatzen ari zela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak esku hartu zuen, eta apirilaren 26an, egoitzetako langileen lan baldintzak hobetuko lituzkeen akordio proposamen bat aurkeztu zuen. Proposamen horren arabera, aldundiak 11 milioi euro inguru bideratuko zituen lan baldintza horiek hobetzeak eragingo zituen gastuetara. Sindikatuek begi onez ikusi zuten proposamena, eta hura oinarri hartuta egin dituzte hitzarmenak hainbat zentrotan. Aldundiaren proposamena «pauso garrantzitsua» dela diote «zahar egoitzetako langileen lan baldintzak duintze bidean». Testu horrek jasotzen duenaren arabera, langileei %2ko soldata igoera aplikatu beharko litzaieke 2015ean, eta KPI+2 puntukoa 2016an. Jaiegunetako eta gaueko lanen plusak bikoiztea eta beste hainbat hobekuntza ere jasotzen ditu proposamenak. Testu hori Gipuzkoako 20 egoitzatan baino gehiagotan adostu badute ere (tartean Beasaingo eta Zumarragako egoitzetan), kasurik gehienetan hitzarmenik gabe jarraitzen dutela gogorarazi dute langileen ordezkariek.













