Orekan Bizi Naiz elkarteko kideek emango dute; ate irekien eguna egingo dute bihar Gernika pasealekuko pilotalekuan
Orekan Bizi Naiz elkarteko kideek antolatutako ikastaroko une bat /OBN
Orekan Bizi Naiz taldeko kideek monozikloaren erabilera bultzatzeko helburuarekin ikastaroa antolatu zuen urte hasieran Beasianen. Eta eragina izan duela ezin uka, elkarteko kideez gain, kalean herritar gehiago ere ikusten baita orain gurpil bakarreko txirrinduaren gainean.
Eta lehen ikastaroak izan duen erantzun ona ikusita, bigarrenari ekitea erabaki dute, ekainaren 1ean hasita. Aurrez, baina, monozikloa zer den eta lehen proba egiteko, ate irekien jardunaldia antolatu dute biharko. Gernika pasealekuko pilotalekuan izango da, 18:00etatik 19:30era.
Biharko proba egunaren ondoren, ikastaroak Antzizar kiroldegian izango du jarraipena, ireki berri duten teknifikazio gune berrian; astelehenean hasiko da ikastaroa. Hilabeteko iraupena izango du, eta monozikloak elkarteak utziko ditu. Kaskoa norberak berea eraman beharko du, eta derrigorrezkoa izango da.
Orekan Bizi Naizeko kideek zehaztu dutenez, ikastaroak bi zati izango ditu. Astelehenetan monozikloan ibiltzen ikasi nahi dutenentzako azalpenak emango dituzte, eta ostiraletan jada ibiltzen direnentzat baina teknika hobetu nahi dutenentzat. Astelehenetan eta ostiraleran eskolak 17:00etatik 18:30era izango dira.
Bigarrenari ekiteko prest
Orekan Bizi Naiz elkarteak antoaltzen duen bigarren ikastaroa da ekainean egingo dutena. Dagoeneko bi hilabeteko beste kurtso bat egin dute eta 11 lagun elkartu dira gurpil bakarraren gainean ibiltzeko; «ikasle gazteenak 8 urte ditu eta helduenak 46 urte», azaldu dute. «Azkar ikasi dute monozikloan ibiltzen eta balorazioa oso ona da».