Bareak elkarteak eskaintza berria egin du: afaria eta zinema 9,5 euroan
Usurbe Antzokiarekin batera, Arrano, Basakana, Bideluze, Hiruarri, Kuluska, Osinbeltz, Pizza Sprint, Plazape, Xerbera eta Bodega Riojana tabernek hartuko dute parte kanpainan
Bareak elkarteak kanpaina berria hasiko du bihar gauean.
Beasaingo Bareak merkatari elkarteak proposamen berria jarriko du martxan bihar: Zinea eta afaria, 9,5 euroan. Bareak elkarteko Arrano, Basakana, Bideluze, Hiruarri, Kuluska, Osinbeltz, Pizza Sprint, Plazape, Xerbera eta Bodega Riojana tabernetan afaldu eta ondoren Usurbe Antzokiko zinema saioa ikusteko aukera egongo da abuztura bitartean. Eskaintza horrek gaueko saiorako bakarrik balio du.
Marta Zulaika Bareakeko teknikariak adierazi duenez, kanpaina horren helburua “zine eta afari eskaintza bateratu bat ematea da, prezio erakargarri batean. Beasaingo ostalaritza eta zinema suspertzeko antolatutako kanpaina bat da”.
Zulaikak gaineratu duenez, beste leku batzuetan ondo funtzionatzen duen ekintza da. “Eta hauen arrakasta ikusi ondoren pentsatu genuen, eta Beasainen zergatik ez?. Momentu horretan harremanetan jarri ginen Usurbe zinemako arduradunekin eta erabaki genuen ekintza hau martxan jartzea”.
Sistema
Eskaintza horretaz baliatzeko, kanpainarekin bat egindako tabernetan bonoak salduko dituzte 9.50 euroan.Kanpaina honetarako tabernek menu berezia prestatu dute. Bakoitzak bere menu eskaintza erakusgai izango du bere tabernan. Tiketa eskuratu ondoren, zineman ohiko sarrera bategatik trukatu behar da. Beharrezkoa da tiketa erosten den egun berean kontsumitzea.