Beasaindarrek aldaketarako hautua egin dutela dio EAJk eta dedikazio osoz lan egingo duela hitzeman dute jeltzaleek
Arratsaldeko agerraldia. / Loinaz Agirre
Igandeko udal hauteskundeetan 2.902 beasaindarren babesa jaso ondoren, hurrengo Beasaingo alkatea, Aitor Aldasoro, prentsaurrekoan azaldu da, datozen lau urtetan ondoan izango duen lan taldearekin. Botoa eman dien guztiei eskerrak emanez hasi du agerraldia, eta «babes horri behar bezala erantzukizunez, arduraz eta umiltasunez erantzutea espero» duela zehaztu du Aldasorok. «Herritar guztiontzat gobernatuko dugu, bai babestu gaituztenen alde, zein beren babesa azaldu ez digutenen alde ere». Era berean, hitzeman du «Beasainen eta beasaindarren interesen defentsan jardungo dugula, dedikazio osoz, elkarrizketa eta elkarlana oinarri hartuta».
Beasaindarrek aldaketaren hautua egin dutela esan du eta «aldaketa errealitate bilaka zedin» alderdikoa ez den herritarren babesa ere jaso dutela gaineratu du. «Beasaindarrek udal gobernu konprometitua nahi dute, dedikazioz lan egingo duena; gertu izango duen gobernua nahi dute, herritarrei hitza eman eta entzungo diena».
Azkeneko urte eta erdian EAJ Beasaingo herritar desberdinekin aritu da lanean ekarpenak jasotzen, eta horiei guztiei ere eskerrak eman nahi izan izan dizkie jeltzaleek, «denbora hori isilean eskaintzeagatik». Izan ere, «horri guztiari esker eskaini ahal izan dugu, benetan herritarren beharrak eta nahiak jasotzen dituen proiektua». Aldasorok aitortu duenez, «beharbada, orain gelditzen zaigu lanik zailena, paperean dauden hainbat eta hainbat proiektu errealitate bihurtzea» da.
Programan jasotako proposamenak «lehenengo egunetik» lantzen hasiko direla nabarmendu du, «lehentasunak ezarriz». Lanketa horren barruan, EAJren asmoa gainerako alderdi politikoetako ordezkariek egindako lana berreskuratzea da, «batzorde eta udal sailez baliatuta, eta udal gaiei dagokienean, herritarren parte hartzea sustatuta». Behin udalaren egitura eginda, «lehenengotako erabakia, gobernu batzordea alderdi guztiei zabaltzea izango da. Alderdi guztiak egongo dira batzordean», zehaztu du.