Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeek elkarlanean antolatu dute bihartik ekainaren 12ra bitartean
2001eko maiatzaren 1ean okupatu zuten Beasainen Pikuondoko esperientzia jasoko dute jardunaldietan
Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeek elkarlanean, Goierriko Okupazio jardunaldia antolatu dute. Bihar hasi eta ekainaren 12ra bitartean, okupazio esperientzia desberdinak ezagutuko dituzte; bai Goierrikoak, bai kanpokoak.
Beasaingo Gaztetxeko ordezkariek adierazi dutenez, «gaur egun ere okupazioa baliozko tresna da eta horren inguruko informazioa eman nahi dugu, tresna hori hori indartzeko. Beti egon da martxan okupazioa; beti erabili izan den tresna da».
Okupazio esperientziak
Helburu horren harira, Goierriko eta kanpoko okupazio esperientzia desberdinak ezagutzeko dituzte hitzaldi desberdinetan. Goierriren kasuan, 2001eko Beasaingo Pikuondoko esperientzia, Urretxuko 1088 eta Kaxetakoena eta Idiazabalgo Txomenanekoak bilduko dituzte.
Kanpoko esperientzien kasuan, berriz, Gasteizko Errekaleorreko, Errezilgo eta Lakabe Okupación Rural y la red de los pueblos okupadoseko bizipenak jasoko dituzte.
Lege ikuspegitik ere landuko dute gaia. Horretarako, Donostialdeko Okupazio Bulegoaren hitzaldia antolatu dute. Okupatzeko asmoa dutenei aholkularitza legala eskaintzen dien bulegoa da Donostiakoa. Okupaziorako tailer praktikoa ere egingo dute Ordizian.
Gaztetxeen funtzionamendua
Gaztetxeek antolatuko jardunaldia izanik, gaztetxeen funtzionamendu desberdinen berri ere jaso nahi dute. Beasainen Gipuzkoa mailako gaztetxeak elkartuko dira: Zarautz, Oñati, Azpeitia, Lasarte eta Goierrikoak.
Bihar, Etsaiak taldearen kontzertua
Musikak ere leku garrantzitsua du Goierriko Okupazio jardunaldian. Bihar gauean, 23:00etatik aurrera, Etsaiak musika talde historikoaren kontzertua izango da Beasaingo Gaztetxean. «2009tik isilik egon ondoren, Etsaiak taldeak itzulerako lehenengo kontzertua egingo du Beasaingo Gaztetxean», gaineratu dute. 23:00etan hasiko da kontzertua: «Lekua mugatua denez, sarrerak erosi behar dira. 22:00etan hasiko gara sarrerak saltzen». Bost euro balio du sarrerak.
Ekainaren 6an ere kontzertuak izango dira. Oñatiko Antihumano, Ordiziako Garrapatas, Laudioko Ikaära eta Azkoitiko Gaitze taldeak elkartuko dira Beasaingo Gaztetxean.
Goierriko Okupazio jardunaldien egitaraua
Bihar, ostirala: 19:00. Jardunaldien aurkezpena Beasaingo Gaztetxean. Ondoren, pintxoak. 23:00. Etsaiak taldearen itzulerako kontzertua. Ondoren, DJ Tekrroriker. Sarrera mugatua, 5 euroan.
Ekainak 2, asteartea: 19:00. Goierriko okupazio esperientziak: Pikuondo, Txomenane, Kaxeta…. Urretxuko Gaztetxean.
Ekainak 5, asteartea: 19:00. Okupazioak: mugimendua, legea eta Donostialdeko Okupazio Bulegoaren ibilbideari buruzko hitzaldia. Ondoren, jantokia eta bideo emanaldia. Urretxuko Gaztetxean.
Ekainak 6, larunbata: 10:00. Okupaziorako tailer praktikoa. Ordiziako Gaztetxean. 14:00. Bazkari autogestionatua, bakoitzak bere bazkaria eramanda. 17:30. Okupazio eta autogestio esperientzia ezberdinak (Errekaleor, Errezil…). Beasaingo Gaztetxean. 22:30. Kontzertuak: Antihumano, Garrapatas, Ikaäka eta Gaitze. Beasaingo Gaztetxean.
Ekainak 10, asteazkena: 19:00. Gaztetxe ezberdinen esperientziei buruzko mahai ingurua. Beasaingo Gaztetxean. Ekainak 12, ostirala: 19:00. Toma de decisiones y asamblerismo tailerra. Gazteleraz. Ordiziako Gaztetxean.