Ezkio eta Itsaso, batera, gero banatzeko
Ezkiotarrek eta itsasoarrek zerrenda bakarra osatu dute bietako ordezkariekin; datorren legealdiko asmo nagusia, ordea, bi herriak banatuko dituen prozesua martxan jartzea izango da. Bitartean, ...
Ezkiotarrek eta itsasoarrek zerrenda bakarra osatu dute bietako ordezkariekin; datorren legealdiko asmo nagusia, ordea, bi herriak banatuko dituen prozesua martxan jartzea izango da. Bitartean, elkarlanean jardungo dute udalean.
Ezkiok eta Itsasok elkarrengandik banatzea hitzartu dute, eta desanexio prozesuaren lehen pausoak ematen hasiak dira dagoeneko. Banaketa hori gauzatu artean, ordea, elkarrekin jardutea erabaki dute. Igandeko hauteskundeetarako ere, bi herrietako ordezkariak biltzen dituen zerrenda bakarra aurkeztu dute.
Ander Unzurrunzaga ezkiotarra eta Gorka Sasieta itsasoarra zerrenda horretako kideak dira. Banaketaren ideia, aurreko legealdian egin zen parte-hartze prozesuan atera zela azaldu du Unzurrunzagak. «Gaiari heldu beharra zegoen, azkenean herri batean horrelako gogo bat agertzen bada, horri bide eman behar zaio».
Prozesu hori elkarrekin eta ahal den guztia adostuta egin nahi dute. Horretarako lehen pausoa, zerrenda bateratua aurkeztea izan da; izan ere, banaketa iritsi bitartean, herritarren eguneroko beharrei ere erantzun egin behar zaie. Taldeak «bi konpromiso nagusi» hartu ditu, Sasietak azaldu duenez: «Batetik, Ezkio-Itsasoko kudeaketan elkarrekin lan egitea, eta bestetik, desanexio prozesu hori denentzako ahalik eta baldintzarik egokienetan gauzatzeko lan egitea».
Prozesua dagoeneko martxan dago. Banatze irizpideak adosteko batzorde bat sortu dute, bi herrietako bizilagunen parte hartzearekin; udalak egiten ditu bitartekari lanak. Behin udal berria hautatutakoan, desanexioaren espedientea udalbatzan onartu eta aldundiari bidaliko diote, bera baita gai hauetarako eskuduntza duena.
Banaketarako epeez nahiago dute ez hitz egin, baina Frankismo garaian elkartu eta ondoren banatu diren beste kasu batzuk ikusita, nahiko azkar egin litekeela uste dute. «Legeak markatzen duen prozedura» jarraituko dute, eta pauso bakoitza herritarrak informatuz eta haiekin batera eman nahi dute.