Hasi dira tomate eta piper estimatuak
Produktu berri gehien agertzen diren garaian dago Ordiziako asteazkeneroko feria. Izan berotegikoak edo izan aire librekoak, aukera astero-astero handitzen ari da, nabarmen. Tomatea eta piper mota ugari ekarri dituzte.
Aipatzen hasiak ziren bezeroak eta saltzaileak noiz hasiko ote ziren Uzindarrak etortzen, haiek markatzen baitute Ordiziako plazan hemengo tomatearen eta piperraren denboaldiaren hasiera. Maiatzaren erdian edota bukaera aldera Ordiziara etortzen hasi ohi dira. Aurtengo martxari atzo ekin zioten, lehen tomateekin eta piperrekin.
Joxe Mari Uzin Gonzalezek, Azkoitiko Kurutziako semeak, ekarri zituen lehen tomatea (3 euro kiloa), Gernika piperra (6 euro kiloa) eta piper berde luzea (6 euro kiloa). Ipar Euskal Herrian Euskal Herriko piper eztia jatorrizko izenarekin ezagutua dena, «kakute» da azkoitiarrentzan, tokian jasotako hazitik ekartzen dutelako.
Montes etxeko Arantxa Iparragirrek piperrak ekarri ditu. Lehenengo Ibarrako langostinoak; «Ibarratik. Nondik, bada, bestela?». Kiloa 12 euroan zeukan. Mota hori —pipermina— da piperren artean garestiena.
Oberginia edota berenjena ere bazen, euroan bakoitza. Eta babek, ilarrek, kuiatxoek, uraza ezberdinek, tipulin sortek, baratxuri buruek… osatzen dute udaberriko barazki berrien aukera.
Frutetan, gereziari marrubi zuria gehitu zaio. Otar txikietan 15 euro kiloko zen salgai Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan. Peonia lore ederren sortak (4 euro) ere baziren postu berean, apaingarri eta salgai.
Ziza kopurua erdira jaitsi da (200 bat kilo). Garestiago dago, ondorioz: 15-20 euroan kiloa.
Babarrun beltz landarea
Babarrun beltza ereiteko garaia da. Batzuek jadanik ereina dute, artoarekin batera edo lehenbizi artoa eta egun batzuetara babarruna. Lur eremu handia izan ezean eta kapritxoz inork landarea ziurtatu nahiko balu Montesen postuan eros dezake (0,30 euro bakoitza).