Eulen enpresarekin aurre hitzarmena lortu dute; ekainaren 11ra bitarteko epea daukate hitzarmena idatzi eta sinatzeko.
Protesta ekintzetan murgilduta egon dira langileak. / Arkaitz Apalategi
Ordiziako San Jose egoitzako ELA sindikatuko Ana Mertxanek Goierriko Hitzari baieztatu dionez, lan hitzarmenaren aurre akordioa lortu dute Gipuzkoako zazpi zentro kudeatzen dituen Eulenekin, tartean dago Ordiziakoa. Beraz, astelehenetik aurrera egitekotan ziren lanuztea bertan behera utzi dute.
Behin aurre hitzarmena lortuta, ekainaren 11ra arteko epea dauka Eulenek lan hitzarmenaren testu berria idazteko. “Gure eskaera guztiak onartu dituzte, puntu bat izan ezik. Baina gustura gaude. Espero dugu hitza beteko dutela, bestela grebara joan beharko dugu”, argitu du Mertxanek.
Lehen akordio horren ondotik Ordiziako San Jose normaltasun itxura berreskuratzen ari da. “Atzo arratsaldean bertan kendu genituen kanpamendua eta pankartak”. Maiatzaren hasieran hiru greba egun egin zituzten eta gainerako egunetan “presio gehiago egiteko” protestan jarraitu dute, pankarta gehiago eta kanpamentua jarriz.
Ordiziako San Jose egoitzaz gain, zazpi egoitza kudeatzen ditu Eulen enpresak: Irungoa, Bergarakoa, Andoaingoa, Zumaiakoa eta Hernanikoa.